Ararteko Erakundearen Adierazpena Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean

2012ko abenduaren 10a

Víctor Hugok esan zuen munduko armada guztiek bat eginik ez daukatela ideia batek adina botere ideia horren garaia heltzen denean. Krisi sozioekonomikoetatik, buruzagi politiko askori falta zaien buruzagitzatik eta mundua suntsitzen jarraitzen duten gatazka armatuetatik harago, Giza Eskubideen Nazioarteko Aitorpena onartu zenetik 64 urte pasa dira eta esan dezakegu giza eskubideen garaia heldu dela, beste arrazoi batzuen artean, giza eskubideen babes maila botere politikoaren gauzatzean legezkotasunaren funtsezko adierazle bihurtu delako.

Giza eskubideek ideia unibertsal gisa eskuratu duten boterea ulertu ahal izateko, hamarkadetan zehar eskubide horien nazioarteko aitorpenean aurrera egiten lagundu duten gobernuz kanpoko erakundeen lanari erreparatu behar diogu. Horrez gain, tokiko mailan zein maila nazionalean eragin politikoaren arloan burutu dituzten zereginei dagokienez, garrantzia eta edukia eman behar zaie. Haiek gabe, giza eskubideak ez ziren izango gaur egun diren ideia boteretsua. Neurri handi batean, GKEei eta giza eskubideen aldeko aktibismoan eta gizarte aktibismoan lanean diharduten pertsonei esker, ordenamendu juridikoetan aitortu da gizarte eskubideak eta eskubide ekonomikoak ere giza eskubideak direla. Hori bai, pertsona guztiek eskubide horiek benetan gauzatu ditzaten, berme sistema onak eta politika publiko eraginkorrak lortu arte bide asko dago ibiltzeke.

Giza eskubideen nazioarteko egun honetan, Ararteko erakundeak GKEek eta giza eskubideen (eskubide ekonomikoak eta gizarte eskubideak barne) aldeko defentsan eta sustapenean lanean jarduten duten gizarte erakundeek garatzen duten lan garrantzitsua aitortu nahi du. Eskubide sozioekonomikoen alorrean, gizarte erakundeek zeregin garrantzitsua daukate berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeari dagokionez. Konstituzioaren 9.2. artikuluak hori betetzeko eginbeharra ezarri die botere publikoei.

Modu berean, Ararteko erakundeak zera eskatu nahi die herri-administrazioei: ongizatearen estatua eta gizarte eskubideen zein eskubide ekonomikoen estatua mantentze aldera, hirugarren sektoreko gizarte erakundeei ahalik eta laguntza gehien eman diezaieten. Krisia eta murrizketak nagusi diren garai honetan, bizitza duina izateko oinarrizko eskubidea mantendu ahal izateko, erakunde horien zeregin bikaina segurtasunez defendatzea bereziki garrantzitsua da; izan ere, erakunde horiek zerbitzuak eskaintzen dituzte, laguntza ematen dute eta pertsona eta familiarik behartsuenen eta boteretsuek eragin duten krisiaren ondorioz zigortuenak izan diren horien oinarrizko eskubideak defendatzen dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 10a