ARARTEKOAK ANTOLATUTAKO IKASTAROA, EUSKAL GAZTEEK BEREN HIRITAR ESKUBIDEAK EGIAZ BALIATZEKO DITUZTEN ZAILTASUNEZ

EHUren Uda Ikastaroen XXXIV. Edizioaren barruan, Arartekoak jardunaldi bat antolatu du Donostiako Miramar jauregian gaurko, honako izenburu honekin: Euskal gazteen zailtasunak beren hiritar eskubideak egiaz baliatzeko, batez ere bizimodu autonomoa egiteko proiektua eraikitzearekin lotutakoak.

Manuel Lezertua arartekoak eta Ana Arrieta Gipuzkoako campuseko errektoreordeak eman diote hasiera ikastaro honi. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Juan Pablo Landa Zapirain eta Joan Subirats katedradunek.

Pertsonak osorik garatuko badira, bizimodu duina eraiki eta gozatzeko aukera izan behar dute. Nozitzen ari garen krisi sozial eta ekonomikoak kolokan jarri du Konstituzioak aitortutako printzipio eta eskubideen eragingarritasuna, eta lanerako eskubidean larriki eragin duenez gero, izugarri mugatzen ari da denek lortu ahal izan beharko luketen bizimodu autonomorako proiektua.

Egoera hori gure gizarteko maila eta talde guztietan eragiten ari da, baina nabarmenago ageri da gazteen kasuan, izan ere, gazte gehienek eragozpen ugari aurkitzen dituzte lan-merkatuan sartzeko eta, beraz, emantzipatu eta bizimodu autonomoa egiteko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak lortzeko.

Jardunaldi honetan, Espainiako Konstituzioak ezarritako oinarrizko eskubideak abiapuntutzat hartuta (besteak beste, gizarte- eta ekonomia- politika zuzentzeko printzipioak, gizartean parte hartzeko eskubidea, lanerako eta soldata nahikoa jasotzeko eskubidea), egungo egoeraren erradiografia egin nahi da, baita ere Konstituzioko xedapenaren eta Euskadiko gazteen benetako egoeraren artean dagoen desorekarena.

Horretarako, gaiok aztertzen dira: lanak gizarteratzeko eta norberaren autonomia lortzeko duen betekizuna, euskal administrazioaren ekimenak eta, guretzat garrantzitsuena, gure gazteek (zuzenean mintzatuz edo parte hartzen duten elkarteetako ordezkarien testigantzen bitartez) egingo dituzten bizitzaren deskribapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 19a