Arartekoak bilera egin du espetxeratuekin lanean diharduten taldeekin

Iñigo Lamarca arartekoak eta bere lantaldeko kide batzuek bilerak egin dituzte kartzelekin eta espetxeratuekin lotutako hainbat arlotan diharduten taldeekin.

Espetxeratuen bizi-baldintzek etengabeko kezka sortzen diote Arartekoari. Askatasunik gabe egon arren, espetxeratuek normalki erabili ahal izan beharko lituzkete beren eskubide guztiak, eta eskura izan beharko lituzkete beraien epaian espresuki mugatu ez diren gizarte-onurak. Gure espetxeetako errealitatean, ordea, era guztietako oztopoak ikusten dira pertsona horiek beren eskubideak egiaz erabili ahal izan ditzaten.

Arartekoak ez du administrazioaren jarduera ikuskatzeko eskumenik, eskumenok Estatuari baitagozkio, baina, hori bai, esku har dezake gure administrazioek eman edo kudeatutako zerbitzuen baitan dauden eskubide guztien inguruko gaietan: osasuna, garraioa, trebakuntza programak, gizarte ongizatea eta laneratzea.

Horregatik, bilera horien bitartez (hiru lurraldeetan egiten dira, Arartekoaren ekimenez) honako helburuok lortu nahi dira: arlo horretan diharduten erakundeen informazioa eta iritziak biltzea; Basauri, Martutene eta Langraitzera egiten diren ikustaldiak prestatzea; eta Ararteko erakundeak arlo honetan gaur egun dituen jarraibideak elkarteei azaltzea.