Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskatu dio berrazter dezala etxebizitza aldatzeko eskaera bat ukatzeko erabakia

Zuzkidura-bizitoki bateko maizter batek Arartekora jo zuen, Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak ez baitzion erantzun etxebizitza aldatzeko premia berezia onartzeko egin zion eskaerari. 


Kexagileak guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du bere kargura dauzkan bi adingaberekin. 2021ean Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak zuzkidura-bizitoki bat esleitu zion eta onartu egin zuen, egoera ekonomiko zailean zegoelako eta merkatu libreko alokairuak oso garesti zeudelako. Hala ere, hasieratik adierazi zuen etxebizitzak 39,7 m2 -ko azalera erabilgarria baino ez duela, logela bakarra duela eta bertan lo egiten dutela bizikidetza-unitateko hiru kideek.


Eguneroko bizimodua modu egokian egiteko toki nahikorik ez zegoela eta gainokupazio-egoera argia zela ikusita, 2022ko irailean etxebizitza aldatzeko premia berezia onar ziezaioten eskatu zuen. 


Hala ere, kexagileak ez zuen erantzunik jaso, eta 2023ko urtarrilean, berriro egin zuen eskaera. Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak ez zion erantzunik igorri. 


Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzari laguntza eskatu ondoren, Arartekoari erantzun zion eskaera, azkenean, 2023ko ekainean ezetsi zela, bizikidetza-unitatean aldaketarik ez zela izan iritzita. Alabaina, ez zuen inolako hausnarketarik helarazi zuzkidura-bizitoki horren gainokupazio egoera argiaz. Eta ez zuen ezer erantzun 2022ko irailean egindako eskaerari epe barruan ez erantzuteak administrazio-isiltasunagatik izan zezakeen onarpen-ondorioaz.


Oro har, ontzat jotzen dugu Etxebizitza Sailak egindako ahalegina etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat legez okupatu ahal izatea bermatzeko.


Hala ere, Arartekoaren ustez, kexagilearen bizikidetza-unitatearen bizitokia gainokupatuta dago. Gure iritziz, familia hori bizi den etxebizitzaren azalera erabilgarritik eta etxebizitzaren banaketatik ez dago ondorioztatzerik erabat bete dela etxebizitza duin eta egokia izateko duen eskubidea.


Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatu dio berrazter dezala herritar horrek etxebizitza aldatzeko egin duen eskaera ukatzeko erabakia.


Orobat, gogorarazi dio, arreta handiz jokatu behar duela birkokatzeko eskaerak izapidetzean, eta berriz nabarmendu du erregelamendu bidez garatu behar direla 3/2015 Legean jasotako arau-aurreikuspenak, birkokatze-prozedurari beharrezko segurtasun juridikoa eta berme guztiak emateko.
 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 23a