ARARTEKOAREN 1/2014 GOMENDIO OROKORRA, URTARRILAREN 20KOA

Lanbidek arrazoitu egin behar ditu eskubideak mugatzen dituzten ebazpenak

Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta (SBE) kudeatzeko erabiltzen duen modua dela-eta, zenbait kexa egin dizkigute, arrazoi ezberdinengatik. Horien artean ohikoenetako bat hauxe da: akatsak daudela Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailean sartuta dagoen erakunde autonomo horrek emandako ebazpenetan.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazio ekonomikoa da, eta horren zenbatekoa neurtzeko, erreferentziatzat hartzen da Lanbide arteko Gutxienezko Soldata, soldata hori jasotzeko eskubidea baitute baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsona guztiek. Esan beharrik ez dago oraingo egoeran gehitu egin dela SBE jasotzen dutenen kopurua, 62.817 pertsonatan kokatu dela. Beraz, onuradunak gehiago dira, 130.000 inguru, izan ere, laguntzaren hartzailea bizikidetza-unitatea da eta hori, sarritan, hainbat familia kidek osatzen dute. Hau da, diru-sarrerak bermatzeko errenta da Euskadiko herritarren ehuneko handi baten salbabidea. Horregatik, Arartekoak gomendio orokor bat egin du. Horren bidez, Lanbideri eskatu dio ondo arrazoituta egon daitezela SBE jasotzeko eskubideari kalte egiten dioten ebazpenak.
Legez, behar bezala arrazoitu behar dira eskubideak murrizten dituzten ebazpenak. Beraz, eragindako pertsonei bidaltzen zaizkien idazkietan, labur adierazi behar zaie zerk eragin duen erabaki hori, eta zer arau ezarri behar zaizkion kasu zehatz horri.

Lanbideren ebazpenetan, oro har, errenta jasotzeko eskubide hori eten, iraungi edo ukatu egin dela jakinarazteko idazkietan, ez dira adierazten arrazoi zehatzak, aipamen orokorrak baizik; horregatik, eragindako pertsonek ez dute jakiten zergatik gertatu den kaltetua prestazioa jasotzeko zuten eskubidea. Informazio falta horrek eragina du edonork alegazioak egiteko duen eskubidean, bada norbaitek ez badaki administrazioak zergatik hartu duen erabaki jakin bat, nekez egin ahal izango dio aurka.

Jokaera horrek babesgabetasun egoerak sortzen ditu, argi eta garbi, bai alegaziorik egiterik ez dagoelako -funtsezko zergatiak ez baitira adierazten kaltetuak jasotzen duen idazkian , bai arrazoi horiek ezagutu ondoren (eskuarki, Arartekoak esku hartu eta gero), batzuetan, araudian jasota agertzen ez direlako.

Horregatik, oso garrantzitsua da Lanbideren erabakia justifikatzen duten gertakariak labur azaltzea eta, horrekin batera, hartutako neurria legezko zer arautan oinarritzen den adieraztea, segurtasun juridikoaren eta arbitrariotasuna debekatzearen printzipioak erabat bete daitezen.

Ararteko erakundean ohartzen gara Lanbide zer-nolako arazoak izaten ari den diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzean, baina, arazo horiek gorabehera, ezin da ahaztu jarduera horien bitartez agian kalte larria sortzen ari zaiela gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsona askori.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 23a


Lotutako dokumentazioa

Lanbidek arrazoitu egin behar ditu eskubideak mugatzen dituzten ebazpenak