ARARTEKOAREN 2017KO TXOSTENA EUSKO LEGEBILTZARRARI

2017. urtean guztira 13.437 jardueraz arduratu gara (urte horretan %22 hazi da Arartekoaren jarduera). Horietatik 9.545 kexak izan dira eta 37 ofiziozko espedienteak. Zuzeneko arretarako bulegoetan 10.168 zerbitzu egin dira: 3.600ri telefonoz erantzun zaie eta 6.568 pertsona hiru bulegoetako batera etorri dira, informazio eta aholku eske.

2017. urtean 1.490 espediente ebatzi dira eta 1.174 ebazpen eman dira. Ebazpen horiek aztertuta, eragindako administrazioaren jarduera okerren bat zegoen ia %48tan; ehuneko hori iazkoa baino (%46) handixeagoa da.

Eragindako administrazioak kexa sorrarazi zuen jarduera zuzendu eta aldatu du kasuetatik %88tan. Gehienetan ez da gomendio formalik egin behar izan administrazioak Arartekoaren proposamena onartzeko.

Egindako kexak zein gairi dagozkion kontuan hartuta, gehitu egin dira gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoekin lotura duten kexak: 829 izan dira (2016ko 790 kexen aldean). Horietatik %97k Lanbideren jarduerari buruzko hainbat arazorekin dute zerikusia, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) kudeatzerakoan egindako jarduerekin.

Gizarteratze arloan ez ezik, jarduera bizia nabari da arlo hauetan: hezkuntza, etxebizitza, ogasuna, herri-administrazioen zerbitzuko langileak, ingurumena eta segurtasuna. Egiaz, Arartekoak bideratu dituen kexa-espedienteetatik %61ek baino gehiagok eskubide sozialekin dute lotura.

Halaber, 2017an kudeatutako kexetako asko arreta publikoko kolektiboei buruzko kexa idatziak dira. Espediente horien %35 inguru (gizarteratze arlokoak barne) pertsona guztien benetako berdintasuna bermatzea helburu duten politika publikoekin lotuta daude.

Bideratutako kexa-espedienteek administrazio bakoitzari zer proportziotan eragiten dioten adierazten duten datuak aztertuta, aurreko urteetan bezala, 2017an Eusko Jaurlaritzaren kontra egin dira kexa idatzirik gehienak (ia %65), eta zertxobait gutxitu dira autonomia erkidegoko udalei dagozkienak (%24).

Edonola ere, espedienteetan nahastutako administrazioak ikertzeak ez du esan nahi jarduera okerrik egin dutenik, baizik eta haien jardueraren batek kexa sorrarazi duela.


Ikuskatzeko 9 bisita ere egin dira (polizia-etxeak, babesik gabeko haurrentzako zentroak eta adingabeen zentro bat), haien funtzionamendua, baliabideak, eta Arartekoaren gomendioen bilakaera ebaluatzeko.

2017an txosten berezi bat aurkeztu dugu: EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa.

HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

2017an 492 espedientetan ikusi da haurrak eta nerabeak tartean zeudela, hau da, Ararteko erakundeari egin dizkioten kexetatik %16tan. Kexa horiek gaiaren arabera banatzen baditugu, %50 beraien familiek bizi duten estutasun ekonomikoari buruzkoak dira; %20k hezkuntza-sistemarekin loturako hainbat gai dituzte hizpide; babesik gabeko haurrentzako gizarte zerbitzuek eta familiei laguntzeko politikek kexen %6 hartzen dituzte bakoitzak; eta gainontzeko arloak (osasuna, aisia, kirola, justizia, ingurumena) bulego horren espedienteen %5 baino gutxiagotan agertzen dira.


GOGOBETETZE MAILA

Duela zenbait urte herritarrengana hurbiltzeko bideari ekin genion, Arartekoaren esku-hartzea eskatu duten pertsonen iritzia ezagutzeko eta eskaintzen dugun zerbitzua hobetzen saiatzeko. Horregatik, kexa-espediente baten izapideak amaitzen ditugunean, kexagileari galdera-sorta bat bidaltzen diogu, nahi izanez gero eta izena ipini barik, galdera batzuei erantzuteko eskatuz, emandako zerbitzuaren gainean egiten duen balorazioa jakiteko.

Honatx horren emaitza batzuk:

- Kexagileen %77k ontzat edo oso ontzat jo du jaso duen arreta.

- Galdera-sortari erantzun dioten pertsonetatik %70ek uste dute Arartekoaren esku-hartzea ona edo oso ona izan dela, eta %9ri ez ona ez txarra iruditu zaie.

- Kasuetatik %84 baino gehiagotan, beste batzuei Arartekora jotzea gomendatuko liekete, administrazioarekin arazorik edukiz gero.

2017an ere irmo egin dugu apustu Arartekoak giza eskubideak babesteko nazioarteko erakundeekin harremanak sendotzeko, eta hala jarraituko dugu datozen urteetan. Harremanak estutu ditugu IOIrekin (International Ombudsman Institute), ENOrekin (EBko Ombudsmanaren Sarea), OIFrekin (Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioa), IALCrekin (Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea), ENOCekin (Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarea), baita bi aldeko harremanak ere nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Europako hainbat herrialdetako ombudsmanekin. Horrez gain, harremanak eta baterako ekimena sakondu ditugu Estatuko defentsa-erakundeekin berekin.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 20a


Lotutako dokumentazioa

2017. urteko txostenaren laburpena Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2017 2017ko estatistika: Ararteko erakundearen jarduera kopurutan Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2017 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena