Arartekoaren adierazpena: Terrorismo delituengatik zigortutako pertsonek. Non bete beren zigorra?

Joan den irailaren 13an, hainbat pertsonak trafiko istripua izan zuten, ondorio larrikoa gainera, beraren bizilekutik 500 km-ra baino gehiagora dagoen espetxe batean zigorra betetzen ari den preso bat bisitatu ondoren Euskal Herrira bueltan zetozela. Istripu berri horren aurrean, Arartekoak, pertsona guztien eskubideak hobeto berma daitezen lan egitea dagokionez gero, berriz eskatu beharra dauka terrorismo delitu bat egiteagatik espetxean dauden euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan bete dezatela beren zigorra, edo gure erkidegotik gertu daudenetan, gogoeta hauek oinarritzat hartuta.

Sakabanatzearen aldeko espetxe politika nekez batera daiteke Konstituzioan jasota dauden zigorren gizatasun eta proportzionaltasun printzipioekin, izan ere, Konstituzioak berariaz ezartzen du askatasunaz gabetzeko zigorrek birgizarteratzea dutela helburu. Bere edukirik oinarrizkoenean eta ezin uko eginezkoan, honela zehazten da birgizarteratzerako orientabide hori: "zigortuak gizartetik deserrotuta geratzea ekidin" behar da (Botere Judizialaren Lege Organikoa, 12. artikulua). Ideia hori Europako Espetxeetako Arauetan ez ezik, Espetxeetako Araudi (EA) berrian ere garatu da; bi araudiok azpimarratzen dute presoa ez dagoela gizartetik baztertuta, eta, horregatik, ezinbestekoa dela ahalik eta gehien murriztea espetxeratzearen ondorio kaltegarriak, baita presoaren gizarte-harremanak ahalbidetzea ere (Europako Kontseiluaren 65.b R (87) 3 Araua eta Espetxeetako Araudiaren 3. artikulua).

Legearen manu horiek beteko badira, nahitaezkoa da, besteak beste, presoaren bilakaera pertsonalaren arabera ezartzea espetxeko trataera, presoaren harreman pertsonalak ahalbidetuz komunikazioen eta irteteko baimenen bitartez , baita ere haren erregimen irekia eta, areago, baldintzapeko askatasuna. Ildo beretik, zigorra bizilekutik hurbil betetzeak izan beharko luke arau orokorra, horixe ezartzen baitu edonolako atxilotze edo espetxeratzearen mende dauden pertsona guztiak babesteko Nazio Batuen Printzipioen 20. printzipioak. Urruntzea justifikatuko luketen behar bezala egiaztatutako arrazoi indibidual garrantzitsuak ez badaude, urruntzeak bidegabeki gogortzen du zigorra eta, egiaz, presoaren senideentzako zigorra da.

Horri beste ikuspegi bat gehitzen zaio, juridikoki oinarritua hau ere: ETAk bere jarduera kriminala betiko utzi zuela iragarri ondoren gertatzen ari diren zertzeladekin eta egintzekin du zerikusia. Izan ere, arauak "euren hitzez hitzezko esanguraren arabera interpretatu behar dira, betiere, testuinguruari, aurrekari historikoei eta legegintzazko aurrekariei, eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarte-errealitateari lotuta, eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta". (Kode Zibilaren 3.1 artikulua).

Zigorra zehazteko orduan ETAko presoei ezar dakizkiekeen arauak direla eta, arau horien espirituak eta helburuak alde batera uzten dute birgizarteratzeko eginkizuna, eta espetxetik kanpoko helburu batean jartzen dute arreta, hau da, ekintza terrorista bukaraztean.

Ekintza terrorista hori bukatu izana gizarte-errealitate guztiz berria da ondorio horietarako, eta horren eragina ezin da mugatu legeria interpretatzeko eremura; eragina izan behar du, orobat, politika kriminalaren arloan zigorra banan-banan jartzeko faseetan esku hartzen duten instantzia guztiek (Legegiletik hasi eta Epailetza, Fiskaltza eta espetxeetako administraziora) jarduteko orduan duten tartean.

Horregatik guztiagatik, eskatu behar dugu preso horiek beren bizilekutik gertuko espetxeetan bete ditzatela beren zigorrak. Horrela hiru helburu lortuko lirateke: presoak birgizarteratu ahal izatea -legeriak exijitzen duen moduan , presoak gizartetik ez deserrotzea -beraien gizarte-harremanak erraztuz , eta urruntzeak senide eta lagunentzat dakartzan ondorio kaltegarriak, kostuak eta arriskuak desagerraraztea, ezin baitira justifikatu eta erabat eragotzi baitaitezke egungo egoeran.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 17a