Skip to main content
  • Manuel Lezertua arartekoa Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordearen aurrean agertu da ekarpenak egiteko Euskadiko gardentasunaren lege-proiektuaren inguruan

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a

  • Herritar batek bere birraitonari buruzko datuetarako sarbidea eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari. Birraitona ongintzazko erakunde batean hartutako ume abandonatua zen, XIX. mendean jaioa. Herritarraren lehen eskaera, 2023an egina, ez zen onartu, jatorri biologikoetarako sarbideari buruzko araudian ezarritako baldintza ez betetzeagatik. Bigarren eskaeran, interesdunak bidezko interesa alegatu zuen eta indargabetuta zegoen Haurrak Zaintzeko eta Babesteko Legearen artikulu batean oinarritu zen. Administrazioak berriro ukatu zion sarbidea, ebazpen-itxurarik gabeko eta errekurtsoen berri ematen ez zuen jakinarazpen baten bidez.

    Jasotako kexa zela medio, Arartekoak informazioa galdegin zion aldundiari, eta horren antzeko kasu batean azaldutako argudioak aurreratu zizkion. Aldundiak berriro adierazi zuen ez zegoela berrikuntza normatibo edo faktikorik erabaki berri bat justifikatzeko, eta ezin zitekeela aplikatu jatorri biologikoetarako sarbideari buruzko araudia. Gaineratu zuenez, 2/2024 Lege berriak, eskaera egin zenean indarrean ez zegoen arren, baieztatuko zuen eskubide hori pertsona adoptatuek bakarrik dutela, ez beraien ondorengoek. 

    Bere ebazpenean, Arartekoak uste du eskaera hori bestelako arau-esparru baten arabera aztertu behar dela. Bereizi egin ditu, alde batetik, datuak babesteko araubidea eta jatorri biologikoetarako sarbideari buruzkoa, eta, bestetik, balio historikoko dokumentuak eskuratzeko araubide orokorra. Eskaeran aipaturiko pertsona duela 140 urte baino gehiago jaio zenez gero, hiltzat jo daiteke, eta administrazioak gordetako dokumentuen balio historikoak dokumentu-ondareari buruzko araudi espezifikoa aplikatzera garamatza. 

    Horrela, 5/2022 Legea aipatzen da, Euskadiko Dokumentu Kudeaketa Integralarena eta Dokumentu Ondarearena, zeinak ezartzen baitu berrogeita hamar urtetik gora dituzten titulartasun publikoko dokumentuak dokumentu-ondarearen parte direla, arau horretan aurreikusitakoaren arabera kontserbatu behar direla eta eskuragarriak izan behar dutela.  

    Dokumentazio hori lortzeko eskubideak ez du exijitzen norberaren interesa egiaztatzea, ez dago inolako motibazioren mende, eta berariaz aurreikusitako kasuetan soilik murriztu daiteke, adibidez, duela 25 urte baino gutxiago hildako pertsonen datu bereziki babestuak baldin badaude edo informazio sailkatua bada, komertzialki kontuzkoa edo intimitateari eragiten diona. 

    Laburbilduz, ebazpenean adierazten denez, dokumentazioa duela 140 urte baino gehiago sortu bazen eta administrazio publiko batek kontserbatu badu, artxibo-araudian aurreikusitako kontserbazio-, kudeaketa- eta sarbide-araubidearen mende egon behar du.

    Gainera, Arartekoak azaltzen du dokumentazio hori, bere antzinatasunagatik, agian jada ez dagokiola Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailari, baizik eta artxibo historiko eskudunari eskualdatuta egon beharko lukeela. Dokumentazio hori kudeatu eta zaintzeko ardura Kultura Sailak izango luke, foru-araudian aurreikusitako dokumentuen bizi-zikloaren arabera. Horren haritik, iradokitzen du balioetsi dezala Dokumentazioa Ebaluatu eta Hautatzeko Foru Batzordeak esku hartzeko aukera, dokumentazioaren balio historikoa kontuan izanda, behin betiko kontserbatu ala ezabatu behar den erabakitzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a
     

  • Maiatzaren 7an, Arartekoaren haurren eta nerabeen bulegoko eta berdintasuneko bi teknikari Irungo La Salle ikastetxean izan ziren batxilergoko ikasle talde bati Arartekoaren "Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean" azterlana aurkezteko. Arartekoa ikastetxean egoteak ikasle talde batengandik zuzenean jasotako eskaerari erantzuten zion. Ikasle horiek, gure gizartean eragina duten arazoei eman beharreko erantzunei buruz hausnartzeko proiektu baten esparruan, Arartekoari helarazi zioten erakundeak, giza eskubideen ikuspegitik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten duen lana aurkezteko nahia.


    Arartekoaren hitzaldian, azterlanaren aurkikuntza eta gomendio nagusiak partekatu ziren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren defentsari eta diskriminazioaren aurkako borrokari dagokienez. Nolanahi ere, hitzaldiak Arartekoak gazteen artean egindako lana ezagutarazteko eta ikasleak nerabe gisa aitortuta dituzten eskubideei eta eskubide horiek baliatzearen garrantziari buruz sentsibilizatzeko balio izan zuen.

  • Arartekoak Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailari gomendatu dio ken dezala berariazko programa informatikoa erabiltzeko derrigortasuna ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioak egiteko, aurrez aurre aurkezten badira. Izan ere, herritar bat kexu zen, informatika-ezagupenik eta baliabide teknikorik ez zeukanez gero, ezin izan zuelako izapide hori bete administrazioaren laguntzarik gabe.

    Arartekoaren ustez, aurrez aurreko izapideetan tresna digital bat soilik erabil dadila agintzeak urratu egiten du pertsona fisikoek administrazioarekin harremanak izateko bidea aukeratzeko duten eskubidea. Gainera, ohartarazten du foru-agindu batek ezin duela eskubiderik murriztu berariazko lege-gaikuntzarik izan gabe, eta administrazioek irizpide objektibo eta egiaztagarrien bidez justifikatu behar dutela bitarteko elektronikoak erabiltzeko derrigortasun oro.

    Aztertutako kasuan, herritarrak programa informatiko bat jarri beharra zeukan bere ordenagailuan, edo ordenagailu publiko bat erabili, laguntza pertsonalizaturik gabe. Hortaz, Arartekoak ondorioztatu zuen ez zirela bermatu irisgarritasun-baldintza egokiak. Era berean, ebazpenean administrazio onaren printzipioa aipatzen du, eta arrakala digitalaren ondorio diskriminatzaileez ohartarazten du, baldin eta ordezko bide eskuragarririk edo euskarri nahikorik eskaintzen ez bada.

    Arartekoak nabarmendu du administrazio publikoek beren arreta-ereduen erdigunean jarri behar dituztela herritarrak, eta legezkotasunaren, irisgarritasunaren, doakotasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak beteko dituzten bideak bermatu behar dituela, aurrez aurrekoak nahiz digitalak. Arartekoak gogorarazi du pertsona askok, batez ere adin handikoak edo prestakuntza digital eskasa dutenak, baztertuta gera daitezkeela beraien premia bereziak kontuan hartzen ez badira.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 14a

  • Manuel Lezertua arartekoak, Nafarroako arartekoak, Andaluziako herriaren defendatzaileak, Kanarietako diputada del comúnek eta Kataluniako síndica de greugesek lankidetza-akordio bat sinatu dute Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak eta 2030 Agenda bultzatzeko.
  • Batzordeak eskatuta, Manuel Lezertua arartekoaren agerraldia, azaltzeko zer analisi egiten duen 2022, 2023 eta 2024. urteetan etxebizitzaren arloan Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen funtzionamenduaren gaineko kexei edo ofizioz egindako beste ikerketa batzuei buruz.

     

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

  • Barne-antolaketa dela eta, 2025eko maiatzaren 7an, asteazkena, Gasteizko bulegoa itxita egongo da 10:00etatik aurrera, eta Bilbo eta Donostiako bulegoak itxita egongo dira egun osoan. Barkatu eragozpenak
Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoaren azterlana: Herritarren segurtasunerako bideozaintza Euskadiko eremu publikoan. Oinarrizko eskubideen ikuspegitik egindako azterlana

Arartekoak egiaztatu du euskal administrazioek betetzen dituztela, oro har, herritarren segurtasunerako bideozaintzako arauzko eskakizunak, baina, bere ustez, hobetu egin behar dira erregulazioa, barne-kudeaketa eta gardentasuna

Arartekoak egindako azterlan horren bidez, eskubideak bermatzearen arloan ezagutza zabaltzen lagundu nahi da segurtasun arloan eskumenak dituzten euskal administrazio publikoen artean, hobetzeko alderdiak iradokiz, herritarren segurtasuna eta oinarrizko eskubideak modu egokian uztartzeko oinarritzat har daitezen. Orobat, euskal herritarrek bideozaintzaren eremuan beren eskubideak eta askatasun publikoak nola gauzatu jakitea du helburu, herritarren segurtasuna norbanakoaren eskubide-askatasunak bermatzeko funtsezko tresna izan dadin.

Testuinguru horretan, irudiak eta soinuak grabatzeko teknologiak erabiltzean, bideozaintza arautzen duen berme-araubidea bete behar da, polizien jarduerari gardentasuna, legitimazioarekiko konfiantza eta proportzionaltasuna emateko.

Ararteko erakundeari dagokio datu pertsonalak eta intimitatea babestearen arloan herritarren eskubideak bermatzea, are gehiago administrazioarekiko harremanetan datuak hartzen badira, batez ere intrusiboak izan daitezkeen teknologien bidez, bereziki gailu mugikorrak erabiliz, esaterako, dronak, makuluak eta poliziaren uniformeetako kamerak.

Horregatik, beharrezkoa iruditu zaio azterlan hori egitea, toki publikoetako bideozaintza-sistema batzuen erabilera aztertzeko, baita Euskadiko administrazio publikoek araudian ezarritako berme-sistema zenbateraino betetzen duten ere.

Azterlana prestatzeko, Arartekoak inkesta bat egin zien polizia duten hainbat administraziori; hau da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta adierazgarriak diren 14 udali.

Emaitzak azterlanean barrena aztertzen dira. Bertan, 9 ondorio atera dira eta 16 gomendio egin dira. 

Bildutako datuen artean, instalazio finkoen eta gailu mugikorren kopurua dago, erakunde parte-hartzaileek adierazitakoa. Adibidez, Ertzaintzak 2.037 kamera finko ditu eta, 2022an, 134 aldiz erabili zituen gailu mugikorrak; Gasteizko Udaltzaingoak, 600, gutxi gorabehera; Bilbokoak 265; Donostiakoak 350; eta Getxokoak 265.

Ondorioetan, Arartekoak azpimarratu du eskumenak dituzten euskal administrazioek zehatz-mehatz bete behar dutela herritarren segurtasunerako bideozaintza-araudian aurreikusitako proportzionaltasun printzipioa. Horrela, defentsa-erakunde honek proposatzen du bideozaintza-baimena eskatu baino lehen, ebalua dadila ea neurri horrek intimitate eskubidean esku-sartzerik eragingo duen.

Orobat, adierazi du xedapenak onartu behar direla, gailu mugikorrei buruzko (besteak beste, polizi uniformeetako kamerak, dronak edo makuluak) erregulaziorik eza betetzeko, Euskadiko administrazio publikoei dagokien arautze-esparruan. Horretarako, gailu mugikorrak zein kasu zehatzetan erabiliko diren eta irudi-soinuak zenbat denboran eta zein tokitan hartuko diren azaltzea gomendatu du. 

Bideozaintza erabiltzeko erabakia herritarren segurtasuna babesteko premian sar daiteke juridikoki, administrazioak herritarren bizikidetza, indarkeria desagerraraztea eta bide eta toki publikoak bakean erabiltzea ziurtatu nahi duenean, baita segurtasun publikoarekin zerikusia duten delitu, hutsegite edo arau-hausteak prebenitu nahi dituenean ere. 

Beste atal batean, Arartekoak gomendatu du kamera mugikorrak erabiltzeko baimen-eskaeretan, adieraz dadila zer epe zehatzetan erabiliko diren, kasuan kasuko arrisku zehatzera doituta. Orobat, gardentasun aktiboko neurri gisa, Eusko Jaurlaritzak bideozaintza-sistema finko nahiz mugikorrak erabiltzeko baimenak argitara ditzan iradoki du.

Hain zuzen ere publizitate eta gardentasun arloan, Arartekoak ikusi du parte hartu duten administrazio publikoek, oro har, informatzeko kartelak erabiltzen dituztela bideozaintza-sistema finkoen erabileraz ohartarazteko, baina, halaber, egokia iruditzen zaio beste bitarteko batzuk ere baliatzea gailu mugikorren bidez irudiak hartzen direla jakinarazteko.

Gainera, adierazi du garrantzitsua dela bideozaintza-grabaketak kudeatzeko barruko protokoloak edo tresnak ezartzea, ez baitago erregulaziorik grabaketak gordetzeko gutxieneko epeei buruz. Jarduteko jarraibide argiak izango balira, grabaketen konfidentzialtasuna, trazabilitatea eta osotasuna ziurtatu ahal izango lirateke, eta, hala balegokio, legitimazioa duten hirugarrenen eskura jartzea.

Irudi-datuak tratatzeari buruz, Arartekoak ontzat jotzen du parte hartu duten administrazio gehienek eskubideak baliatzeko prozedura dutela aipatu izana. Hala ere, eskaerak zein organori aurkeztu behar zaizkion zehaztu behar dela adierazi du.

Azterlanean egiaztatu denez, administrazio gehienek bideozaintzarekin zerikusia duten datu pertsonalak tratatzeko jardueren erregistroak dituzte, baina, dena den, horiek aldizka berrikus daitezen eta administrazio bakoitzeko gardentasun-atarietan argitara daitezen gomendatu du.

Bukatzeko, azterlanean lankidetzan aritu diren administrazio publikoek aipatu dute segurtasun-neurriak ezartzen dituztela bideozaintzako irudien konfidentzialtasuna zaintzeko. Alderdi positibo horrekin batera, Arartekoaren ustez, komenigarria litzateke bideozaintzarekin lotutako datu pertsonalak kudeatu eta tratatzeko eskuduntza duten langileak gaitzea.

Azken batean, Arartekoak egiaztatu du euskal administrazioek betetzen dituztela, oro har, herritarren segurtasunerako bideozaintza arloko arauzko eskakizunak. Hori esan ondoren, irudiak hartzeko sistemen bilakaera teknologikoaren ondoriozko erronkak ikusita, bideozaintzaren arloko erregulazioan, barne-kudeaketan eta gardentasunean hobetu daitezkeen hainbat alderdi aurreratu ditu.

AZTERLANA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 17a