Arartekoaren erakunde-adierazpena, 2011ko abenduaren 10a, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta

Bihar 63 urte betetzen dira Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) onetsi zenetik. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik hiru urte bakarrik igarotakoan onartu zen aldarrikapen hori, uste osoa baitzuten tolerantziarik ezaren eta basakeriaren aurrean giza eskubideak direla konponbiderik onena. 1948an Aldarrikapen Unibertsala eginez finkatu ziren orain giza eskubideak babesteko eta sustatzeko nazioartean indarrean dagoen esparru juridikoaren oinarriak. Konstituzioaren 10.2 artikuluaren arabera, GEAUn oinarritu behar dute funtsezko giza eskubideei buruzko arau eta politika publikoek.

Hitzaurrean adierazten denez, GEAUren xedea gizaki guztiak beldurretik eta premia larritik libratzea da. Horregatik, aldarrikapenaren 30 artikuluetan barrena modu independentean aitortzen dira eskubide zibilak, kulturalak, ekonomikoak, politikoak eta sozialak. Aldarrikapenaren 22. artikuluak adierazten duenez, pertsona orok "duintasunez bizitzeko eta nortasuna libre garatzeko ezinbestekoak diren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak lortzeko" eskubidea du.

Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak gizakiaren duintasunaren osagaiak dira. Eskubide horiek pixkanaka gauza daitezen lehenetsi behar dute botere publikoek. Eskubide ekonomiko eta sozialak apurka-apurka garatzeko betebeharrak eragotzi egiten du botere publikoek nahita atzerapausoak ematea eskubide horiek babesteko mailetan. Doitze-prozesuagatik, ekonomi atzeraldiagatik edo beste faktore batzuengatik baliabide mugatuak dauden garaietan ere babestu egin behar dira gizarteko kiderik ahulenak, plan eta politika publikoak onartuz eta beharrezko baliabideak emanez.

Hain zuzen ere krisialdietan da ezinbestekoa eskubide sozioekonomikoen funtzioa. Botere publikoek eskubideok maila egokian betetzen direla bermatu behar dute, eta arreta berezia eskaini behar diete pertsona eta talde ahulenei, parte-hartze eraginkorra eta kontu ematea errazteko beharrezkoak diren mekanismoak abiaraziz.