Arartekoaren erakunde-adierazpena, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean

Arartekoak ohartarazi du bizirik daudela eredu matxista zaharrak, baita gazteen artean ere, eta iragarri du euskal gazteen arteko jarrera matxistei buruzko azterlan bat bukatuko duela laster. 

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta, azaroaren 25 honetan Arartekoak bat egiten du indarkeria matxistaren kontrako gizarte-aldarriarekin, izan ere, indarkeria horrek egunero eraso egiten die emakumeen duintasunari eta oinarrizko eskubideei, era askotako modu eta adierazpenen bitartez. Indarkeria horrek isilean suntsitzen ditu egunero emakume anitz, haien seme-alabak eta bizi-proiektuak, eta -bere adierazpenik ikaragarrienean- emakume eta ume gehiegi hiltzen ditu gure herrialdean. Euskadin, azken 12 hilabeteotan, hiru emakume hil dituzte krimen matxistetan, eta guztiek seme-alabak zituzten.  
 
Adostasun sozial sendoa dago egintza honen gainean: indarkeria matxistak sakon jaten dio barrua gure bizikidetzari, eta bere erroak hondoratzen ditu emakumeen eta gizonen desberdintasunean eta, azken batean, kultura matxistan, gizartean oraindik bizirik dagoen horretan. Nahiz eta erakundeek eta gizarteak, berdintasunaren aldeko lanean, urte askoan ahalegin handiak egin dituzten, azken bolada honetan belaunaldi berriek kultura matxista hori modu kezkagarrian bereganatzen ari direla antzematen da. Harri eta zur ikusten dugu, sarritan, balio matxista zaharrak, ustez gaindituak, oraindik kutsatu egiten dituztela emakume eta gizon gazteen arteko harremanak, eta are gehiago, baita nerabeen artekoak ere, txiki-txikitatik.  
 
Arartekoak hobeto ezagutu nahi izan du zergatik bereganatzen dituzten gure gazteek jarrera eta balio horiek, bada, azken finean, emakumeen kontrako indarkeria matxista gauzatzeko era desberdinak bihur daitezke, gure gizartearen etorkizuneko garapena goibeltzen dutenak. Horretarako, Arartekoa euskal gazteen arteko jarrera matxistei buruzko azterlan bat bukatzen ari da, 2024an argitaratuko dena. Azterlan horren bidez, 2023an egindako ikerlan soziologikoaren emaitzak ezagutarazi eta zabaldu nahi dira, eta gazteek gai horren inguruan bizi duten egoeraz sentsibilizatu, proposamen zehatzak eginez antzeman diren arazoak gainditzen saiatzeko. Horrela, gure erakundeek eta euskal gizartearen zati handi batek matxismo bortitza  bere adierazpide guztietan  bukarazteko hasi duten borrokan laguntzea espero du Arartekoak.