Arartekoaren erakunde-adierazpena, Errefuxiatuen Munduko Eguna dela eta

2020ko ekainaren 20a

Aurten, egun hau ospatzeak are gehiago eskatzen digu giza eskubideen defendatzaileoi eta Ararteko erakundeari, eta errefuxiatuen eskubideak babesteko orduan, hobekuntzak egitearen alde esku hartzera behartzen gaitu. Eskubideok Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951ko Hitzarmenean eta 1967ko bere protokoloan aitortuta daude; horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioaren giltzarriak dira eta bizirik irauteko jazarpena eta arriskuak pairatzen dituztenen oinarrizko eskubideen unibertsaltasuna lortzeko helburua betetzea ahalbidetu dute. Garai honetan, mundu mailako aldarria da, zalantzarik gabe, nazioarteko babesa nahi dutenen eskubideak bermatzeko tresnen ezarpen unibertsala mantendu eta garatu behar dela.

Nozitzen ari garen pandemiak gizon-emakumeen benetako balioak eta bertuteak piztu ditu, adibidez, gizarte zuzenago, demokratikoago eta humanitarioagoa izateko premia. Arrazakeriaren kontrako munduko protestek edo konfinamendu hilabete hauetako hainbeste pertsonaren eta erkidegoren jarduera solidarioek ondotxo erakusten dute indarrean dirauela gizon edo emakume bakoitzaren duintasuna babesteko printzipioak, bereizkeriarik egin gabe. Errefuxiatuek, baztertuek eta migratzaileek ere beren osasuna modu egokian babestua izan dezakete eta izan behar dute bizitzen ari garen osasun-krisialdi honetan. Une zail hauetan aukera bakarra dago: aurrera jarraitzea, etengabe eskatzea errefuxiatuen giza eskubideak guztiz bete daitezela eta bazterketarik egin gabe defenda ditzatela.

COVID 19ak ez du eragotzi pertsona askok Europaranzko bide hilgarria hastea edo jarraitzea, ezta ere gizon, emakume eta haurrek tortura, esklabotasuna eta giza eskubideen edonolako urraketak pairatzea. Ezbehar horiek saihesteko, Europar Batasunak eta bertako estatu kideek ikuspegi humanitarioa gehitu behar diote mugak kontrolatzeko beren politikei. Ikuspegi horrek balio demokratikoak eta eskubideak errespetatu behar ditu, baita gizon eta emakume bakoitzaren funtsezko askatasunak ere. Inoiz baino beharrezkoagoa da kontzientzia solidario eta unibertsala, gizarte-eremu guztietara eta politika-, legegintza- eta epailetza-ekintzetara zabaldutakoa, akordioak sinatu ahal izateko, itsasoan bizia galtzeko arriskuan daudenak erreskata ditzaten eta legezko bideak ezar daitezen, horiek Europan sartu eta babesa aurkitzeko.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak suharki azpimarratzen du ezinbestekoa dela nazioartean, Estatuan eta autonomia erkidegoetan sistema juridiko bizkor eta eraginkor bat abiaraztea, errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen duintasuna eta eskubideak babesteko. Egun honetan gogorarazi behar da nazioarteko babes-tresnek hain zuzen ere Europako II. Mundu Gerran jazotako gertakari lazgarrietan dutela sorburua, gertakari haiek bultzatu baitzuten Nazio Batuen Biltzarra 1951n arau-tresnak sustatzera, gure kontinentean barrena lekualdatutako pertsona asko eta asko babesteko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 19a