Arartekoaren erakunde-adierazpena , Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta

2013ko abenduaren 10a

Bihar, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, Aldarrikapen Unibertsalak dioena nabarmendu behar da, hau da, gizaki guztiak libre eta berdin jaiotzen garela, duintasunari eta eskubideei dagokienez. Aldarrikapen horrek izaera juridikoa du eta zenbait betebehar sortzen dizkie berori sinatzen duten herrialde guztiei. Besteak beste, betebehar garrantzitsu bat ezartzen die botere publiko eskudunei, hain zuzen, beren eginkizunak betetzean euskal herritarren eguneroko bizimoduan eragiten dutenei (Europako, Espainiako eta Euskal Herriko erakundeak, administrazioak eta botere publikoak, foru-probintziakoak eta udalarenak): pertsonen duintasuna babestea finka dezatela beraien politika publikoen ardatz gisa. Horrela, beharrezko baldintzak sustatuko dituzte "gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen" eta oztopoak kenduko dituzte, baldin eta "horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute" (Espainiako Konstituzioaren 9-2 artikulua).

2008an hasi zen finantza-sistemaren krisiak krisi ekonomiko eta sozial ikaragarria ekarri du berekin. Horrek hainbat ondorio izan ditu Euskadin: areagotu egin da gizarteko sektore asko baita erdiko klaseak ere gizartean baztertuta geratzeko arriskua, sektore horiek pobretu eta eskastu egin dira, gora egin dute langabeziak eta laneko ezegonkortasunak, ahulago bihurtu dira talderik ahulenak. Euskadin eduki ekonomikoko gizarte-prestazioen sistema zabala izateak eta GKEen lan solidarioak arindu egin dituzte krisiaren ondorioak pertsona eta familia askorentzat.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egun honetan, irmo aldarrikatu behar da ahaleginik handiena egin behar dela Estatu soziala eta eskubide sozialak ezartzen ari zaizkien murrizketetatik eta suntsidura mehatxutik askatzeko. Eskubide sozialak giza eskubideak dira, legerietan jaso eta babestutakoak, eta bermerik onena dira pertsona guztien duintasunerako eskubidea babesteko, baita benetako berdintasun eraginkorra izateko eskubide oinarrizkoa ere. Izugarrizko ahalegina egin da, diru publikoarekin eta Europako Banku Zentralaren laguntzarekin, finantza-erakunde ugari porrot egiteko arriskutik ateratzeko, eta orain, aurrekontu publikoekin eta Europako Inbertsio Bankuaren laguntzarekin, eragotzi beharra dago enplegu gehiago suntsitzea, familien eta gizarte-sarearen ongizatea eta egonkortasuna ezereztea, bada-eta horretarako garaia.

Behar bezala bermatu behar dira eskubide sozialak, giza eskubideak direlako eta gure betebehar etiko eta juridikoa delako. Gaur, egun seinalatu honetan, hauxe eskatu nahi diegu, berriz ere, administrazio eta botere publiko guztiei -batez ere Europakoei, horiek horretarako finantzako eta aurrekontu-politikako tresna egokiak baitituzte : beren erabakien eta politika publikoen erdi-erdian koka ditzatela pertsonak eta horien duintasunerako eskubidea, eta, beraz, eskubide sozialak mantendu ditzatela eta iraunkor bihur ditzatela denboran barrena, plan eta politika publiko eraginkorrak presta ditzatela eskubideak behar bezala eta baliabide nahikoekin bermatzeko, besteak beste, osasunerako eskubidea, hezkuntzarakoa, lana eta etxebizitza izatekoa, norberaren autonomia izateko eskubidea mendekotasunen bat dunenentzat, gizartean seguru eta babestuta egoteko eskubidea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 9a