Arartekoaren erakunde-adierazpena Ingurumenaren Munduko Egunean

Bioaniztasuna galtzearen kontrako beste txertoa. Naturaren garaia

2020ko ekainaren 5a

Ararteko erakundeak bat egin nahi du Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunarekin. 2020. urtean helburu jakin bat du: ekintzarako deia egitea, espezieen galera azkarraren eta haien habitatak andeatzearen aurka borrokatzeko. Planeta honek biosfera zoragarria du eta bertan 8 milioi espezie mota daude banatuta. Adituek diotenez, animalien eta landareen milioi bat espezie daude galtzeko arriskuan, eta hamarkada gutxitan desager daitezke, neurri eraginkor, premiazko eta erabakigarriak hartzen ez badira.

Egoera horretan, Arartekoak oroitarazi nahi du planetan aniztasun biologikoa babesteko premia nazioarteko erakundeek eta Europako, Estatuko eta eskualdeetako erakundeek irmo onartu duten konpromisoa dela. Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenak, Nazio Batuen Ingurumen Programarekin batera, Ekosistemak Leheneratzeari buruzko Nazio Batuen Hamarkada (2021-2030) bultzatu du. Gizakien eta naturaren arteko harremana berriz ezartzeko ekintza orokorra da hori. Aldi berean, bioaniztasunaren galera geldiaraztea da Garapen Iraunkorrerako 2030eko Agendaren helburuetako bat. Bestalde, Euskadik dagoeneko ezarri du zeintzuk diren lehentasunak arlo horretan eta zer konpromiso hartu diren 2030eko Bioaniztasun Estrategia onartuz. Bide horretan izan badira gizarte-gatazkak, sakon eta gizartearen partaidetzarekin eztabaidatu beharrekoak, baina ez dugu ahaztu behar gure jomuga nagusia euskal lurraldeko espezieak behar bezala iraunaraztea dela. Adibide gisa, oraintsu, arriskuan dauden espezieen euskal katalogoan sartu dute otsoa, edo zenbait neurri abiarazi dira hegazti migratzaileak elektrokuzioz hil ez daitezen.

COVID-19a agertzeak, askorentzat, hauxe adierazten du: gizakiek bioaniztasunean egiten duten presioak naturaren oreka hauskorra eralda dezakeela, patogenoak hedatzeko baldintzak erraztuz, koronabirusak barne direla. Bestalde, 2020ko planeta-konfinamendu handiaren ondorioei esker, hurbiletik egiaztatu da gizakien espezieak eragin izugarria duela planetan. Egun batzuetan, gure hirietako aire-kutsadura lehenago ezagutu ez diren mailetara jaitsi da, eta animalien espezie batzuek beren hiriguneak berreskuratzea ere erraztu du. Pandemia honi mundu osoan erantzun antolatua emateko dauden zailtasunek argi erakusten dute ekintza goiztiar, iraunkor eta elkartasunezkoaren premia larria dela, hain zuzen, planeta arriskuan jartzen duten arazo handiak (berotze globala edo bioaniztasunaren galera) konpontzeko gure gizarteak behar duen txertoa.

Ingurumenaren Munduko Egun honetan, Arartekoak euskal agintariei eta herritarrei ohartarazi nahi die lehenbailehen birkokatu behar dugula gizon-emakumeen jarduera, planetan egon daitezkeen espezie guztien eremua berreskuratzeko. Erronka zaila da, baina ez da amore emateko garaia. Naturaren garaia da.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 4a