Arartekoaren erakunde-adierazpena, Justizia Errestauratiboaren Munduko Astea dela eta

2021, azaroak 21-28 Arartekoak aste honetan nabarmendu du justizia errestauratiboari esker, aktibo sozial gisa gizartera daitezkeela erasotzaile edo biktimagilea eta edonolako delituak edo gatazkak kaltetutako pertsona edo biktima, eta horiek onera egin dezaten konprometitzen duela gizartea.

Azaroko hirugarren astean, justizia errestauratiboaren astea (Restorative Justice Week) ospatzen da mundu osoan, aurten goiburu hau duela: Protect and empower the person harmed (Babestu eta ahaldundu pertsona kaltetua). Nazioarteko mugimendu hori Kanadan hasi zen, 1996an, eta Europan Justizia Errestauratiboaren Europako Foroak (European Forum for Restorative Justice) koordinatzen du, erreferentziako nazioarteko erakunde nagusia baita. Arartekoa erakunde horrekin bizi-bizi lankidetzan ari da azken urteotan.

Arartekoak aste honetan nabarmendu nahi du justizia errestauratiboari esker, aktibo sozial gisa gizartera daitezkeela erasotzaile edo biktimagilea eta edonolako delituak edo gatazkak kaltetutako pertsona edo biktima, eta horiek arduraz eta modu barneratzaile eta demokratikoan onera egin dezaten konprometitzen duela gizartea. Justizia errestauratiboak hainbat balio sustatzen ditu, are beharrezkoagoak pandemia-garaian, esate baterako, elkarrizketa, parte-hartzea, justizia, egia, elkartasuna, gizon-emakumeen duintasuna eta erantzukizuna.

Arartekoak adierazi nahi du indarkeria terroristaren zartada pairatu duen gure gizarte honetan, justizia errestauratiboak beste aukera bat izan behar duela berori baliatu nahi duten biktimentzat, eta, orobat, horren ondorioz, indarkeria erabili dutenek berek erabat desligitimatzen dutela indarkeriaren erabilera; beraz, bake-lezio bat da gizarte osoarentzat. Horregatik, Arartekoaren iritziz, justizia errestauratiboa bultzatzea baliotsua izan daiteke Euskadin hain beharrezkoak diren memoria- eta bizikidetza-politiketarako, bereziki gazteen belaunaldi berrientzat, kontakizun partekatu bat eraikiz berma dadin aurrerantzean ez direla justifikatuko, ez egingo ere, horrelako krimen gaitzesgarriak.

Justizia errestauratiboa zigor arloko justiziaren ikuspegi berri bat da; horren bidez, gatazkaren protagonismoa itzultzen zaie alderdiei eta gizarteari. Kontrastaturiko arrakasta izan duenez gero, gizarte osoari edo horren zati bati eragiten dioten beste gatazka batzuetara hedatu da: familia-gatazkak (banantzeak eta dibortzioak), kultura anitzekoak, auzokoak eta erkidegokoak, e.a.

Justizia errestauratiboak garapen handia izan du Europan eta nazioartean azken 20 urteotan. Azken gertaera garrantzitsuak Ministroen Batzordeak justizia errestauratibo penalaren arloan estatu kideei egindako CM/Rec(2018)8 Gomendioa eta Nazio Batuen JE programen eskuliburua dira, hurrenez hurren.
Arartekoak Euskadin justizia errestauratiboa sustatzen parte hartu du, nazioarteko esparru horren laguntzarekin, eta bere lerro estrategikoetan sartu du. Horrela, gatazkak aztertzeko ordezko sistema hori bultzatzen du, zeinak bere baitan hartzen baititu zenbait teknika: bitartekaritza, errestaurazio-zirkuluak eta hitzaldiak, besteak beste. Konpromisoa hain handia da, non Ararteko erakundean bertan errestaurazio-zirkulu bat burutu den, eta hori nazioarte mailako jarduera aitzindaria da. Arartekoak berak emango du horren berri, argitalpen baten bidez.

Ildo horretan, 2019an, Arartekoak txosten berezi hau aurkeztu zion Eusko Legebiltzarrari: Euskal Autonomia Erkidegoan bitartekotza egitea. Izan ere, Euskadiko bitartekotzaren egoeraren mapa argi bat ezarri nahi zuen, eta gomendio batzuk egin, bitartekotza gure erkidegoan garatzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzari espetxe arloko transferentzia egiten ari zaion testuinguru honetan, Arartekoaren ustez, justizia errestauratiboa funtsezko ekarpena da gizartearentzat irekitako espetxe-sistema lortzeko, gizarteratzera, zigor gizatiarretara eta biktimen eskubideetara bideratutakoa. Horregatik, Arartekoak aktiboki parte hartu du eraikitzen ari den euskal espetxe-sistemaren arduradunekin egindako bileretan eta mintegietan, ikuspegi errestauratibo hori nazioarteko parametroekin bultzatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 23a