Arartekoaren erakunde-adierazpena, Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna ospatzen dela eta

2013ko maiatzaren 3a

Prentsa-askatasuna gizarte demokratiko osoaren giltzarrietako bat da eta eginkizun nagusia betetzen du zuzenbide Estatuari eusten.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bere jurisprudentzian sarritan adierazi duenez, hedabideen eta kazetarien informatzeko askatasuna bat dator herritarrek informazio hori jasotzeko duten eskubidearekin. Prentsa-askatasuna funtsezko bidea da herritarrek botere publikoen ideiez eta programez beren iritzia osa dezaten. Orobat, hausnartzeko eta herritarren kezkei erantzuteko aukera ematen die botere publikoei, eztabaida politikoa aske sustatuz, gizarte demokratiko osoaren muinean bertan baitago.

Hedabideen dibertsitatea eta aniztasuna osagai aberasgarria da gizarte ireki eta aurreratu batentzat. Kazetariek independentzia eta segurtasuna izan behar dituzte gai publikoei buruzko informazioa eskuratzeko eta informazio hori egiazkotasunez eta ondo kontrastatuta emateko, horrela elikatuko baitute herritarren izaera kritikoa.

Gizarte demokratiko osoak behar du kazetarien begi zorrotza, baita haien laneko eskubideak behar bezala babesteko sistema ere. Ezinbestekoa da, halaber, botere publikoek ahal bezainbat ahalegindu daitezen gardentasunik handienaz jarduteko, kazetariei nahiz herritar guztiei informazioa jasotzeko eskubidea bermatzearren.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 3a