Arartekoaren erakunde adierazpena, Tolerantziaren aldeko Nazioarteko Egunean

2018ko azaroaren 16a

Denon konpromiso irmoa behar da aurreiritziak eta bestea gaitzestea sustatzen duten mintzaldien eta jarreren kontra

Gaur Tolerantziaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da. Harreman publiko eta pribatuetan tolerantzia gizarte- eta lege-eskakizun bezala aldarrikatzeko eguna da. Tolerantziarik gabe ezinezkoa da elkarrekin bakean bizitzea.

Beraz, Arartekoak bat egiten du Nazio Batuen eta UNESCOren konpromisoarekin: hau da, bakea eta ekonomia-aurrerapena, norbanakoaren duintasuna, eskubideak bermatzea eta kultura-ezberdintasunak errespetatzea erraztuko duten printzipioak bultzatzea.

Konpromiso hori inoiz baino beharrezkoagoa da orain, Europako gure gizartean ugaritu egin baitira begirunerik eza, xenofobia, ezberdina gaitzestea, baita ere atzerritarren edo kultura-gutxiengoetako pertsonen aurkako indarkeria eta larderia erakusten duten ekintzak.

Tolerantziaz jokatzeak erraztu egiten du giza eskubide unibertsalak aitortu eta betetzea, ahalbidetu egiten ditu elkarrizketa eta eztabaida, gure gizarte globalizatu hauetan aniztasuna onartzea, baita guztiek bakean bizitzeko eta eskubideak izateko duten eskubidea ere.

Horrela, euskal gizartea gaitzespenezko eta gorrotozko mintzaldien kontra, aurreiritzi baztertzaileen kontra eta jarrera intoleranteen kontra sentsibilizatzeko ahaleginen alde agertzen da Arartekoa.

Arartekoak agerian jartzen du edozein gizarterentzat zer-nolako arriskuak dakartzan gutxiengoetako kideen eskubideak ez onartzeak, talde jakin batzuen kontrako bereizkeriazko eta indarkeriazko portaerek. Horrelako portaerak gure gizarteko bizikidetzak eta gizarte-kohesioak oinarri dituzten balio eta printzipioen kontrakoak dira, eta larriki kaltetzen dute gizaki bakoitzak berez duen duintasuna.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 16a