Arartekoaren erakunde-adierazpena, Torturaren Biktimen Aldeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna dela eta

Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabakita, ekainaren 26an Torturaren Biktimen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da. Ekimen horrekin bat eginda, Arartekoak gogorarazi nahi du ez dela adierazpen akademiko bat, printzipio teoriko bat, Zuzenbide estatu batean praktikan onartzen dela segurutzat jo daitekeena. Aitzitik, gaur-gaurko kontua da.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 5. artikuluan adierazten duenez, "ezin da inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere". Mezua argia da: tortura inoiz ez dago justifikatuta, ezein egoeratan. Eta, hala ere, printzipio horrek ordutik izan dituen aurrerapenak gorabehera, azken hamar urteotan ikusi dugu nola, mundu osoan, atxilotuei eta presoei emandako tratu txarrak arinki hartzen saiatu diren, behin eta berriz, eta are gehiago, nola tratu horiek defendatzen ahalegindu diren, segurtasunaren mesederako direlakoan. Nazio Batuek beren eginbehartzat jo zuten arrisku horretaz ohartaraztea joan den martxoan, Torturaren kontrako bere Hitzarmena sustatzeko asmoz Genevan egin ziren bileretan. Kezka hori gure inguruko herrialde guztietara iristen da, hainbesteraino non 2014rako Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen (ESLA) Lehendakaritzak -Suitzari dagokio- erabaki baitu Giza Eskubideen arloko bere lehentasunen buruan jartzea torturaren prebentzioa.

Espainiari dagokionez, Nazio Batuetan nahiz Europako Kontseiluan prebentzio horretaz arduratzen diren nazioarteko erakundeen txostenak bat datoz arlo horretan lan egiten duten GKEen txostenekin: egoera kezkagarritzat jotzen dute eta ez daude pozik, beren gomendioak benetan baino gehiago formalki betetzen direlako. Gauza bera gertatu da Arartekoak egin dituen gomendioekin. Horietatik azkena arrazoi honengatik egin genuen: orain urtebete, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak irizpen bat eman zuen jakitera, Maria Atxabal euskal herritarrak jarritako salaketa baten gainean. Batzordeak adierazi zuenez, gertakariek agerian jarri zuten emakume horrek torturak ez jasateko duen eskubidea urratu zela, eta estatuak ez ziola eman biktimari -eta hori lehenbailehen egin behar zuela- gertakarien ikerketa inpartzial, eraginkor eta osoa, arduradunak auzipetzea eta zigortzea, eta egindako kaltea osorik ordaintzea, mediku-laguntza espezializatua izateko neurriak barne hartuta.

Urtebete igaro eta gero, betebehar horietako bakar bat ere ez da bete. Gertakari hori, berez larria izanik ere, Espainian nahiz nazioartean ordutik egin diren txosten eta ebazpen batzuen testuinguruan haztatu beharra dago. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar ditugu:

· Hilabete geroago, Tortura, zigor edota tratu anker edo umiliagarriak Prebenitzeko Europako Batzordeak (TPB) txosten bat argitaratu zuen 2011ko maiatzaren 30etik ekainaren 13ra Espainiara egin zuen bisitari buruz. Txosten hartan egindako gomendioak bat datoz erakunde hau gai horretaz egiten ari denekin: inkomunikazioa deuseztatu behar da eta, hori gertatzen ez den bitartean, proaktibotasun handiagoa behar da, inkomunikazioa ezartzen zaion pertsonaren eskubideak eraginkortasunez bermatzeko, bai atxiloketaren kontrol judizialari dagokionez, bai auzitegiko medikuaren azterketei dagokienez. Gai horretan, aurten berriro egiaztatu dugu Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundea eredutzat hartu beharreko erreferentzia dela.

· Urrian bere txostena argitaratu zuen Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Komisarioak. Beste alderdi kezkagarri batzuen artean, hauxe adierazi zuen: legea betearazteaz arduratzen diren erakundeetako kideek tratu txarrak ematea eta kide horiek zigorrik ez jasotzea giza eskubideekin zerikusia duen gai arras kezkagarria da, eta iraupen luzekoa, Espainian. Agintariei eskatzen die desagerraraz dezatela atxiloaldi inkomunikatua, eta TPBk gomendatutako neurri berak gomendatzen ditu.

· Hil honetan bertan, argitara eman dute Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Salaren 1. Atalaren epai bat, luzea eta xehetasunez betea. Epai horrek, erakunde honen ustez, lehena eta geroa bereizten ditu atxilotuen eskubideen berme judizialaren arloan. Epaiaren absoluzio-edukiaz harago, epai hori oinarritzen duen arrazoiketa da garrantzitsuena ondorio hauetarako, izan ere, kolokan jarri du ea borondatezkoak izan ote ziren hainbat akusatuk, inkomunikazio erregimenean atxilotuta zeuden bitartean, beren burua erruduntzat joz egin zituzten deklarazioak, tratu txarrak eman zizkietela salatu baitzuten gero.

Horrek guztiak erakusten du indarrean jarraitzen duela defentsa-erakunde honek botere publikoei egin nahi dien eskaera honek: Giza Eskubideen urraketa guztien biktimekin duten konpromisoa betez, zaindu dezatela hilaren 26 honetan nazioarteko komunitateak aldarrikatzen dituen printzipioak bete daitezen. Orobat, Arartekoak elkartasuna adierazi nahi die torturaren biktimei, eta nabarmendu nahi du Eusko Jaurlaritzak -Eusko Legebiltzarrak hala eskatuta- helburu hori lortzeko egin dituen lehen urratsek jarraitutasuna izan behar dutela eta beharrezko baliabideak erabiliz indartu egin behar direla, biktima horiek babestuta izan ditzaten egiarako, memoriarako, justiziarako, aitorpenerako eta erreparaziorako eskubideak.