Arartekoaren erakunde- adierazpena,Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna dela eta

Ekainaren 26an ospatzen da Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna, erakunde horren Batzorde Nagusiak hala erabakita. Egun seinalatu honetan, Arartekoak berriz adierazi nahi du oraindik indarrean dirauela 2004ko abenduaren 21ean Arartekoak argitaratu zuen erakunde Adierazpenak, baita aldizka erakunde honek egin dituen gomendioek ere.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 5. artikuluan dioenez, ¿ezin da inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere¿. Tortura eta tratu txarren arloan lanean dabiltzan nazioarteko zenbait erakundek (Europako Kontseiluaren Tortura Eragozteko Batzordea, Nazio Batuen Torturaren kontrako Batzordea, tortura kasuetarako NBEko kontalaria, e.a.), baita arlo horretan diharduten gobernuz kanpoko erakunde batzuek ere, salaketa, froga eta gaitzespenen berri ematen dute urtero. Horiek guztiek adierazten dute tortura eta tratu txarrak, ohikoak eta sistematikoak ez badira ere, fenomeno bakan bat baino zerbait gehiago izan daitezkeela Estatu espainiarreko askatasunik gabeko eremuetan. Horregatik, berriz adierazi beharra dago gaitz horri aurre egiteko lehen urratsa, lehen baldintza, berori gerta daitekeela onartzea dela. Hori onartuz eta desagerrarazteko borondate tinkoa erakutsiz bakarrik ezarri ahal izango dira helburu hori lortzeko baliabide eraginkorrak.

Edozein delitu jasan duten biktimek gogorarazten digute krimenaren kontra ez dela hobeto borrokatzen lege-hausleari zigor handiak ezarriko zaizkiola mehatxu eginez, baizik eta delitua egin dezakeen pertsonak egiaz atzetik joango zaizkiola eta zigortu egingo dutela ziur jakin dezan lortuz ¿besteak beste-. Hori egia izaten da bereziki torturazko delituaren kasuan. Beraz, arlo horretan zigor legea beteko dela ziurtatzeko mekanismoak indartu eta osatu behar dira.

Bestalde, zigor neurriak, azkenean ezartzen badira ere, ez dira nahikoak gizakiaren duintasunaren haustura basati hori desagerrarazteko. Sare prebentibo bat behar da, askatasunik gabeko pertsonei tratu txarrak emateko aukerak egiaz eragozteko edo izugarri gutxitzeko. Sare prebentibo hori eratuko bada, arestian aipaturiko nazioarteko erakundeen esanean, eraginkortasun handiagoa lortu behar da polizia kidegoen eta espetxeen ardura duten administrazio publikoek egindako barne-kontrolean, eta opakutasun eremuak kendu behar dira.

Azkenik, torturaren biktimei laguntzeko nazioarteko egun honetan, botere publikoei eskatu behar zaie deblauki konprometitu daitezela biktimei behar bezalako ordaina ematen -eskubide hori berariaz onartuta dago Torturaren kontrako nazioarteko Itunaren 14. artikuluan-. Ordain horrek bere baitan hartu behar ditu lehengoratzea, kalte-ordain bidezko eta egokia, eta laguntza eta medikuntza errehabilitazio aproposak.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko ekainaren 25a

Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa