Arartekoaren erakunde- adierazpena,Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna dela eta

2016ko ekainaren 26a

- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (5. artikulua): "Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere".

- Arartekoak aldarrikatzen du tortura boterearen erabileratik desagerrarazi behar dela, benetako Zuzenbide Estatu batean.

- Botere publikoei eskatzen die bete ditzatela giza eskubideak defendatzeko hartu dituzten konpromisoak.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabakita, ekainaren 26an Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da. Euskadiko herriaren defendatzaile honek gogotsu egiten du bat ekimen horrekin, gogoraraziz kontua ez dela printzipio teoriko bat aldeztea, baizik eta, Zuzenbide Estatu batean, tortura boterearen erabileratik desagerraraztea guztiz beharrezkoa dela aldarrikatzea.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak hauxe adierazten du 5. artikuluan: "Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere". Mezua argia da: tortura inoiz ez dago justifikatuta, ezein egoeratan. Zalantzarik geratuko balitz ere, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 15. artikuluak ez du baimentzen eskubide hori indargabetzea, ezta salbuespen egoeretan ere. Beraz, torturaren debekua giza eskubideen muin gogorraren zati bat da, eta botere publiko guztientzat legezko betebehar saihestezina da torturatzeko edozein egintzaren kontra borrokatzeko babes-neurri eragingarriak hartzea.

Ekainaren 26an ospatzen dugun nazioarteko egun honek gogoeta sakona eragiten du puri-purian dagoen gai bati buruz. Tortura desagerrarazteko denon ahaleginean, Arartekoaren ekarpena batik bat prebentzioaren eremuan kokatzen da. Prebenitzea debekatzea baino gehixeago da, izan ere, prebenitzeak ezinbesteko bihurtzen du atxilotuak edo espetxeratuak tortura edo tratu txarren pean jartzea berez erraztu edo ahalbidetzen duten faktoreak aztertzea. Baita beharrezko neurri zuzentzaileak berehala har daitezen sustatzea ere.

Horregatik, egun hau oroitzean, ezinbestez agerian jarri behar dira, berriro ere, gure berme-sistemak egiaz dituen gabeziak. Sistema horren benetako eragingarritasuna funtsezko hiru erreferentzia hauen argitan kontrastatu behar da:

· Nazio Batuen Torturaren aurkako Batzordeak, askatasunik gabeko pertsonen eskubideen arloko kontalari batzuek eta Europako Kontseiluaren Tortura Prebenitzeko Batzordeak Espainiari buruz egin dituzten azken txostenak. Txosten horien arabera, hobetzeko tarte handia dago arrazoi horregatik jarritako salaketak ikertzeko orduan, salaketa horiek zorrotzago eta zehatzago ikertu beharko lirateke, alderdikeriarik gabe, bizkor eta eraginkortasunez. Nazioarteko instantzia horiek berriz ere kritikak egin dituzte atxiloaldi inkomunikatuaren kontra, bada opakotasun-gune horrek tortura, tratu txarra eta gehiegikeriak errazten ditu, eta prebentzioa eta ikerketa zaildu. Gainera, zenbaitetan, tratu krudel, anker edo lotsarazlea eragiten ditu. Bestalde, gaitzetsi egiten dute, biktimentzako kalte-ordaina, egoten denean, ia lekukotasunezkoa baino ez izatea. Tortura delituen egile edo gaizkideen zigorra dela eta prebentziorako ezinbesteko elementua da hori, duda barik , Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen arloko komisarioak kezkagarritzat jotzen du, bere azken txostenean, legea betearazteaz arduratzen diren erakundeetako kide batzuek, atxilotuei tratu txarrak emanda ere, zigorrik ez jasotzea. Arazo larria da hori, eta aspaldidanik higatzen ari da giza eskubideen bermea Espainian.

· Atxiloaldi inkomunikatuetan tortura edo tratu txarrik ez nozitzeko eskubidea urratu dela salatu bada, atxiloketa horien lagin adierazgarri bat azken urteotan aztertu duten ikerlan enpirikoak. Hemen ez gara mintzo gobernuz kanpoko erakundeek argitaraturiko lanez, begirunea merezi duten arren, baizik eta erakundeen eremutik bertatik sustatutako ikerlanez. Halakoak dira, adibidez, Arartekoak edo Kriminologiako Euskal Institutuak sustaturikoak, edo, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzak hala eskatuta, mediku eta akademikoen nazioarteko lantalde ospetsu batek prestaturiko txostena. Epaileek, fiskalek, auzitegi-medikuek eta polizia-kidegoetako barne-ikerketarako sailek egindako jarduera aztertu ondoren, azterlan horietan aipatzen da zenbait salaketa ikertzeko izapiderik egin gabe artxibatu direla, edo gertakarietan parte hartutako agenteei deklarazioa hartzea beste frogabiderik gauzatu gabe; poliziaren barne-kontroleko sistemen geldotasuna aitatzen dute; kontatzen dute salatzaileek presioak jasan dituztela, arrazoirik gabeko atzerapenak izan direla, indultuak eta, are gehiago, zigor irmoa jasotako agenteei sariak eman zaizkiela.

· Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako anitz epai, zeinetan behin eta berriz adierazi baita Espainiako agintariek ez dituztela behar bezala ikertu hainbat tortura-salaketa. Azken epaian, duela hilabete eskas emandakoan, ostera zigortu du Espainia, torturarik ez pairatzeko eskubidea urratzeagatik, ez baitzuen ikertu modu sinesgarrian ondo oinarritutako salaketa bat; hortaz, Estatuari agindu dio onar ditzala Tortura Prebenitzeko Batzordeak Espainian atxilotuak zaintzeari buruz aurrez eman zituen ebazpenak, horiek etengabe ez betetzeari utz diezaion. Atxilotuen eskubideen kontrol judizialaren eragingarritasunik eza behin eta berriz agerian jartzen duen Europako jurisprudentzia hori kontuan hartuta, Auzitegi Nazionalak berak, duela bi urtez geroztik, zenbait absoluzio-epai eman ditu, zalantzagarriak baitziren inkomunikatutako atxilotuek beren burua errudun adierazitako deklarazioetan oinarritu ziren frogak.

Horrela, tamalez, kezkagarria da tortura prebenitzeari dagokionez Espainian nagusitzen den egoera. Erreferentziako nazioarteko instantzia batzuek torturaren erabilera orokorraz hitz egiten ez badute ere, bai jartzen dute agerian, behin eta berriz, zailtasun handiak daudela poliziaren atxiloketa, lekualdatze eta galdeketa batzuetan eraginkortasunez ikertzeko torturaren hautazko erabilera. Horrek zigorgabetasun arrisku handia sortzen du errealitatean, torturarekin lotutako arau-hausteen larritasunarekin ezin bateratuzkoa. Hori bezain kezkagarria da, magistratu talde ugari batek oraintsu adierazi duen bezala, nazioarteko eta Europako txosten eta epai batzuetan oinarrituta horrelako egoerak salatzen dituzten pertsonak izen ona gal dezaketela edo, areago, diziplina-prozedurapean jar ditzaketela, terrorismoaren kontra zorroztasunik edo sentikortasunik gabe jokatu dutelako akusaziopean.

Giza eskubideak babestu eta bultzatzeko konpromisoa duen erakundea izanik, hauxe da Arartekoak torturaren biktimei beren nazioarteko egunean egin diezaiekeen zerbitzurik onuragarriena: jendaurrean adierazi ziur dagoela Zuzenbide Estatuaren jarduerak ez duela bilatu behar epe laburreko eragingarritasun zalantzagarri baina duintasunik gabea; eta botere publikoei eskatu une oro koherenteak izan daitezela nazioartean eta estatu barruan aldarrikatutako eskubideak defendatzeko hotsandiz hartu dituzten konpromisoak, eta eguneroko jardueran berma dezatela errespetatuko direla askatasunean elkarrekin bizitzeko balioak, horiek gabe ez baitago gizarte demokratiko aurreraturik.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 25a