ARARTEKOAREN GOMENDIO OROKORRA, SARRERA UKATZEKO ESKUBIDEARI ETA JENDEARENTZAT ZABALIK DAUDEN ESTABLEZIMENDU PRIBATUETARA SARTZEKO BAZTERKERIAREN DEBEKUARI BURUZKO ARAUDIA BERRIKUSTEKO BEHARRAREN GAINEKOA

2013ko uztailaren 1a

Bizikidetzaren marko arautzailea den heinean, konstituzioak ezarri du pertsonen duintasuna eta euren funtsezko eskubideak errespetatu behar direla eta berdintasunaren klausula orokorra eta ez diskriminatzeko betebeharra xedatu ditu. Berdintasunaren printzipioa botere publiko guztiak barne hartzen dituen oinarrizko printzipio bat da eta diskriminatzeko debekuak partikularrak ere barne hartzen ditu.

Beraz, pertsona guztiek euren jatorri kulturala, jatorrizko herrialdea, generoa, erlijioa, iritzia edo beste edozein inguruabar pertsonal edo gizarte egoera gorabehera, euren duintasuna errespeta dezaten eta diskriminazioa ez jasateko eskubidea daukate.

Sarrera ukatzeko eskubidea jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetako titularrek daukaten ahalmen bat da eta, horren arabera, sartzeko baldintzak eta establezimendu horietan geratzeko baldintzak zehaztu ditzakete, betiere, legezko muga batzuk errespetatuz. Hala ere, muga horiek ezin dituzte pertsonak euren jatorri nazional, genero, erlijio, iritzi edo beste edozein inguruabar pertsonal edo gizarte egoeragatik baztertu. Arrazoi horiek oinarritzat hartuta, pertsona jakin batzuei establezimendu publiko batean sartzeko aukera ukatzea eta beste batzuei ez tratu iraingarria eta umiliagarria eragiten du. Pertsona guztiek jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan berdintasun baldintzetan sartzeko eskubidea daukate.

Ararteko erakundeak kexak jaso izan ditu erantzunik ezaren ondorioz edo administrazioak emandako erantzuna ez delako egokia izan. Kexek aditzera eman zuten atzerritar jakin batzuei ez dietela taberna edo diskoteka batean sartzen utzi, hau da, jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan. Horrez gain ofiziozko jarduera bat abian jarri zuen euskal herri-administrazioek erreklamazio horiei emandako erantzuna aztertze aldera.

Azterketa behin amaituta, Ararteko erakundeak ondorioztatu du sarrera ukatzeko eskubideari eta diskriminazioaren debekuari lotutako araudia hobetzea nahitaezkoa dela, bereziki, ikuskizun publiko eta aisialdirako jardueren arloan. Halaber, zigortzeko prozedura eta berme sistema ere hobetu beharko lirateke.


Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 1a


Lotutako dokumentazioa

Berriz aztertu behar da jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan sarrera ukatzeko eskubidea baliatzeari eta diskriminazioa debekatzeari buruzko araudia, baita ere erreklamazioak izapidetzean erabilitako zigor-prozedurari eta berme-sistemari buruzko araudia eta horren aplikazioa