Azaroaren 25a: genero indarkeriaren kontrako borrokaren nazioarteko Eguna

Erantzun planifikatua eta arazoaren larritasunari doitutako arreta orokorra eskatzen dizkie arartekoak herri-aginteei

Emakumeen kontrako indarkeriak ez du geografia-, kultura- edo ekonomia-mugarik. Bake garaian nahiz gatazka armatuetan gertatzen da, etxean, lantokian eta kalean. Berdintasuna, garapena, bakea eta pertsona guztientzako giza eskubideak lortzeko bidean aurrera egitea eragozten digu.

Gure gizartean gertatzen diren eskubide-urratze larrienetako, ohikoenetako eta zigortu gabe geratzen direnetako bat da. Egoera bidegabe horren kontrako borroka herritar guztioi dagokigu, baina borroka hori herri-aginteek zuzendu eta gauzatu behar dute, zuzenean aginteek baitute pertsona guztien bizitzarako eta askatasunerako eskubideak babesteko betebeharra.

Emakumeen kontrako indarkeria irmoki gaitzesteko asmoz, erakundeek beren diskurtsoa aldatu dute eta emakume kaltetuei laguntza eskaintzen hasi dira. Hala ere, egiaz, oraindik ez dute behar bezala bereganatu genero-indarkeriaren egiturazko izaera eta ez diete aurre egiten indarkeriaren ondorio larriei.

Egiaztatu diren alderdi horiek -eta sortzen duten kezka- abiapuntutzat hartuz, Ararteko erakundeak txosten monografiko hau prestatu zuen orain urtebete: Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn.

Egoera aztertu ostean, arazo larri hori desagerrarazteko politika serio, eraginkor eta koherenteak abiarazteko exijitu nahi izan diegu administrazioei, izan ere, erakundeen jarduera inoiz ez da nahikoa izango, baldin eta kulturan oso erroturik dauden jarrera eta portaera batzuk aldatzea sustatzen ez badute. Azken batean, herri-aginteei beren betebeharra bete dezatela exijitu nahi zaie: alegia, aurrea har diezaiela eta, beharrezkoa bada, arreta eskain diezaiela beraien osotasun fisiko edo moralerako eskubidea, askatasunerako eskubidea eta, askotan, bizitzarako eskubidea urraturik ikusi dituzten emakumeen beharrei.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 24a