Bilera egingo du Arartekoko Nerabeen Kontseiluak

Bihar, larunbata, Gasteizko Salburuako gizarte-etxean bilduko da Arartekoko Nerabeen Kontseilua. Euskadiko hainbat udalerritako 25 neska-mutilek egun osoa emango dute gai hauetaz azken hilabeteetan landu dutena laburtzen: haurren eskubideak defendatzeko erakundeak eta Ararteko erakundea hobetzeko egiten dituzten proposamenak, haur eta nerabeen eskubideak hobeto babes daitezen. 

ENYA proiektuan (European Network of Young Advisors) izan dugun parte-hartzearen emaitza jakin ahal izango dugu. Ekimen horrek haur eta nerabeen partaidetza bultzatzen du ENOC-Haurren defentsa-erakunden Europako sarearen jardueran. Arartekoko Kontseiluko bi kidek, Maitek eta Xabierrek, talde osoaren ondorioak eta ekarpenak eraman zituzten azken hilabeteotan Maltan eta Bruselan egin ziren Europako bi bileratara. 

Gure ahotsa topaketan parte hartu zuten Kontseiluko kideek ere  Arene, Eneko eta Nahia- bere esperientziaren berri emango dute. Topaketa hori Arartekoak antolatu zuen eta Estatuko zazpi erkidegotatik etorritako 14 eta 17 urte bitarteko neska-mutilak hartu zituen Bilbon, ekainaren amaieran. Babesgabetasun arriskuan dauden haur eta nerabeen gaia jorratu zen, helburu honekin: parte-hartze esanguratsua ahalbidetzea, haien hitza eta iritziak jasotzea, Defentsa-erakundeen Koordinaziorako  XXXVI. Jardunaldietako hausnarketa- eta eztabaida-prozesu orokorrean sartzeko.

Azkenik, Landerrek eta Loreak, Athens Democracy Forum 2023 delakoan bizi izan duten esperientzia kontatuko dute. Bilera hori oraintsu egin da, Grezian, eta bertara eraman dituzte beren gogoetak demokraziaren oraingo erronkez eta haur eta nerabeei dagozkien gaietan parte hartzeaz.

Urtero bezala, eguna bukatzeko, agur esango diegu neska-mutilei, izan ere, hiru ikasturteren ondoren, amaitu dute beren ibilbidea gure kontseiluan. Eskerrik asko, Eneko, Jaime, Lander, Lorea, Patricia, Peio, Teo eta Xabier, bihotz-bihotzez!

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 3a