Desgaituen Nazioarteko Eguna

2019ko abenduaren 3a

Desgaituen eskubideak bermatzeko, euskal administrazio publikoek aniztasun funtzionalaren zeharkako ikuspegia mantendu behar dute, etengabe, erakunde-agendan

Desgaituen Nazioarteko Egun honen bidez, oro har gizartearen eta bereziki botere publikoen aldetik sentikortasun eta inplikazio handiagoa lortu nahi dira desgaituen eta horiek aitortuta dituzten eskubideak erabat baliatzearen artean dauden edonolako oztopoak kentzeko ahaleginean.

Horrela, Arartekoak Euskadiko desgaituen eskubideak bermatzearen ikuspegitik begiratuta egin behar du bere ekarpena, ezinbestean. Horixe da gure lanaren zehar lerroetako bat, eta Arartekoaren eguneroko lanean etengabeko kezka, eta ahaleginak egiten ditugu hori begi-bistatik inoiz ez galtzeko.

Arartekoa oraingo pentsaerak eta paradigmak aldatzearen alde agertu da gure hiriak eta herriak diseinatzeko orduan, gizarte-baliabideak antolatzeko orduan, gure harremanak imajinatu eta antolatzeko orduan. Gizon-emakumeen funtzionaltasunen aniztasunak nagusitu behar du aldaketa horretan, pertsona bakoitzak berez dituen ahalmenak errespetatuz eta aintzat hartuz.

2006ko abenduaren 13an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Desgaituen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena onartu zuen. Garrantzi handiko gertaera izan zen desgaituentzat, beren familientzat eta elkarteen mugimenduarentzat, eta azken horren esku-hartzea erabakigarria izan zen nazioarteko tresna hori prestatzeko prozesuan.

Horregatik, desgaituen eskubideak bermatu nahi badituzte, euskal administrazio publikoek aniztasun funtzionalaren zeharkako ikuspegia mantendu behar dute, etengabe, erakunde-agendan. Hala, ikuspuntu hori une oro aintzat hartuko da bai talde horretako kideei eragin diezaieketen politika publikoen plangintza egitean, bai politika horiek gauzatzean ere.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 3a