Europa ispiluaren aurrean: Iheslarien krisia

Manuel Lezertua arartekoak hitzaldia eman du gaur Madrilen, bere bizitza profesionaleko leitmotiva izan den gai bati buruz: Europa eta giza eskubideak.

Iheslarien krisi deiturikoa ez da fenomeno berezi eta berria, izan ere, batez ere Afrika eta Asia kolpatzen dituzten gatazka armatu ugariek milioika pertsonaren lekualdatzeak ekarri dituzte; gerratik ihesi dabiltzan eta harreran hartzen dituzten herrialdeetan oso baldintza eskasetan bizirik irauten duten pertsonen lekualdatzeak, alegia.

2011n, gure mugetara hurbildu dute errealitate lazgarri hori "arabiar udaberrietako" matxinadek, Libiako krisiak, bai eta Irak eta Afganistango egoeraren iraunkortasunak ere, eta, azkenik, zitalkeria bereziz, siriar gatazkak.

Bigarren Mundu Gerratik jazo ez den errealitate horretan, gure ateei joka ari dira ehunka mila iheslari, siriarrak horiek funtsean, baina baita afganiarrak, irakiarrak edo are pakistandarrak ere.

Hurbileko kontinente bateko milioika pertsona harreran hartzeko aukerak kolokan jarri du Europa zaharra. Ildo horretan, iheslarien krisiak agerian jarri dituen gabeziak aipatu ditu arartekoak, larri zauritu baitituzte Europar Batasuneko oinarrizko printzipioak.

Mugetako mugimendu jendetsuak aipatu ditu Lezertuak, lehentasunezko arazo bihurtu dira-eta nazioarteko komunitatearentzat.

Babes beharrean iritsi diren milioika pertsonaren aurrean Europak emandako erantzuna aztertu du, nazioarteko zuzenbidearen printzipioei eta Europar Batasuneko ordena juridikoari erreparatuta. Bereziki, estatu kideek arazo horren aurrean hartu duten jarrera zein izan den islatuko duten kontu batzuk jorratu ditu: harreran hartzeko edo beste leku bat emateko zailtasunak, sarbideen itxiera, gabeziak asilo-prozeduretan, Turkiara itzularazteko akordioak¿

Itxaropenerako proposamen zenbait jaurtiz amaitu du arartekoak hitzaldia, agerian jarrita euskal gizarte zibilak eta euskal agintaritzek erakutsi duten jarrera, basakeriatik eta jazarpenetik ihesi dabiltzanak duintasunez eta modu osoan hartzeko erantzukizuna beren gain hartzeari dagokionez.

Gasteiz, 2016ko maiatzaren 26a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 26-05-2016