Europako Herri Defendatzaileak amaitutzat eman du Arartekoak egindako kontsulta Irunen eta Hendaiaren arteko mugaz gaindiko zubia itxi izanaren harira

2024ko otsailaren 12an, Europako Herriaren Defendatzaileak Arartekoari jakinarazi zion kontsulta-prozedura ixtea erabaki zuela. Hori Europako Batzordearen aurrean hasi zen 2023ko abuztuan, Arartekoak hala eskatuta, Irunen eta Hendaiaren arteko mugaz gaindiko oinezkoen zubia itxi izanaren harira (ikusi txostenaren euskarazko itzulpena albistearen amaieran). 

Erakunde honek momentu hartan jakinarazi zuenez, 2023ko uztailean, Arartekoak zenbait jarduketa egin zituen Frantziako Eskubideen Defentsa Erakundearen eta Europako Herriaren Defendatzailearen aurrean. Horren helburua zen Frantziako agintariei eskatzea Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubia berriz zabaltzeko, mugetako udalerrietako auzokideek pairatzen zituzten ondorio larriak kontuan harturik. Arartekoaren kontsulta izapidetzea onartu eta gero, Europako Herriaren Defendatzaileak Europako Batzordeari informazio-eskaera bat egin zion, organo arduradun gisa, Schengengo Akordioaren arau arruntak salbuets ditzaketen mugako itxierak gainbegiratzeko.

Batzordearen 2023ko irailaren 19ko erantzunean azaldu zen estatu kideek erabaki behar dutela berrezarritako kontrolen irismena, eta horretarako euren esperientzia eta arriskuen ebaluaketa aintzat hartu behar dituztela, eta horrek muga jakin batzuk mugatzea ekar dezakeela barne-muga batean zehar. Era berean, Batzordeak deklaratu zuen estatu kideei dagokiela arriskuen existentzia determinatzea eta horiei aurre egiteko beharrezko neurriak hartzea. Hala ere, Batzordeak onartu zuen mugakide diren eskualdeetan mugak ixteak eragina dakarrela eta horregatik Schengen Muga-kodearen aldaketa bat amaitzen ari dela; barne-mugetan kontrolak berrezartzea erabakitzeak mugaz gaindiko eskualdeetan duten eragina ere ebalua dezan.

Arartekoak Europako Herriaren Defendatzaileari jakinarazi zion Europako Batzordeak emandako azalpenek eta esku-hartzeak haren kontsulta behar bezala erantzun zutela, eta pozik agertu zen, izan ere, 2023ko urriaren amaieran mugako zubia berriz ireki zen (hau da, Europako Herriaren Defendatzaileak —Ombudsman— Europako Batzordearen aurrean egindako esku-hartzearen ondorioz). Elementu guzti horiek kontuan hartuta, 2024ko otsailean, Europako Herriaren Defendatzaileak erabaki zuen bere esku-hartzea amaitzea eta hala jakinarazi dio Arartekoari. 

Arartekoak oso positibotzat jo du Europako Herriaren Defendatzailearen aurrean egindako kontsulta-prozesua; izan ere, Europako Batzordearen aurrean gai horretan parte hartzeko arrazoia izan zen, 2023ko urrian mugako zubia irekitzeak eragin praktikoa izan baitzuen.


Lotutako dokumentazioa

Europako Herriaren Defendatzailearen txostena. Horren bidez, Arartekoaren Espainia eta Frantzia arteko oinezkoen pasabidean libreki mugitzeko murrizketari lotutako Q3/2023/JKkontsulta itxi da.