Eusko Jaurlaritzak Arartekoaren gomendio bat onartu du, eta babes publikoko etxebizitza alokatu batean hozkailu bat konpontzeagaitik emandako faktura ordaindu du.

Arartekoak Alokabidek fakturaren zenbatekoa ez itzultzeko hartutako erabakia berrikusteko gomendatu zion, uste baitu errentatzaileak ordaindu behar duela beharrezko etxetresna elektriko bat konpontzea, hozkailua, alegia. Gainera, sozietate publiko horrek ez zuen frogatu matxura hozkailua gaizki erabiltzeak eragin zuenik.

Herritar batek Arartekoari azaldu zion ez zegoela ados Alokabide sozietate publikoaren erabaki honekin: babes publikoko bere etxebizitza alokatuan hozkailua konpontzeagatik emandako faktura ez ordaintzea.

Kexagileak alokairu-kontratuaren kopia bat eman zigun. Kontratua 2016ko maiatzean sinatu zuen Alokabiderekin, 3 urteko iraupena zuen eta hilean 211,04 euro ordaintzen zituen.

Adierazi zigunez, hozkailua 2018ko urtarrilean hondatu zen, eta erabiltzerik ez zeukanez, konpon zezan eskatu zion sozietate publiko horri.

Informazio hori bidali ondoren, konponketa premiazkoa zenez gero, teknikari ofizial batekin harremanetan jarri zen, etxetresna elektriko hori ahalik eta lasterren konpontzeko. Hala, baimendutako teknikari bat etxebizitzara joan eta hozkailua konpondu zuen. Zerbitzu horregatik 138,05 euro ordaindu zituen kexagileak.

Egun batzuk geroago, Alokabideren jarraibideei jarraiki, idazki bat eman zuen, fakturaren kopiarekin batera, ordaindutako diru-kopurua itzul ziezaioten eskatzeko. Nabarmendu zuen ez zela urte eta erdirik ere igaro etxebizitzan bizitzen jarri zenetik, eta denboraldi horretan ez zuela gaizki erabili etxetresna elektriko hori.

Hala ere, Alokabideren ustez, hozkailua konpontzea "konponketa txikia" zen eta maizterrak hartu behar zuen bere gain. Arartekoa ez zetorren bat iritzi horrekin, are gutxiago kontuan hartuta maizterrak hilero 211,04 euroko errenta ordaintzen duela; bere iritziz, alokatzaileak ordaindu behar du hozkailua bezalako premiazko etxetresna elektriko baten konponketa. Gainera, espedientea izapidetu den bitartean, sozietate publiko horrek ez zuen frogatu matxura hozkailua gaizki erabiltzeak eragin zuenik.

Horregatik, Arartekoak hauxe gomendatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari: berriz azter zezala Alokabide sozietate publikoak 138,05 euro horiek ez itzultzeko hartu zuen erabakia.

Horrez gain, sail horri eskatu zion berriz azter ditzala, Alokabide sozietate publikoarekin elkarlanean, etxebizitza babestuen alokairu-kontratuetan erabiltzen diren klausulak, kontratugileen eskubideak eta betebeharrak betetzeari segurtasun juridiko handiagoa emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 25a

 


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019R-378-18 Ebazpena, 2019ko apirilaren 15ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrazter dezala alokairu-araubideko babes publikoko etxebizitza bateko hozkailua konpontzeagatik emandako faktura ez ordaintzeko erabakia.