Gauzen Internetetik Pertsonen Internetera

Maiatzaren 17a, Interneten nazioarteko eguna

Gaur ospatzen dugun Interneten nazioarteko egun honen bidez, ezagutzera eman nahi dira teknologia berriek herrien eta herritarren bizi-maila hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak.

Informatzeko eta komunikatzeko teknologiak (IKT), egiaz, gure bizitzako osagarri izatetik gure bizitzan zeharka eta etengabe sartzera igaro dira. Eskolan, lanean, administrazioekiko eta banketxeekiko harremanetan, ondo pasatzeko eta komunikatzeko dugun moduan agertzen dira.

Internet gure artean geratzeko etorri da. Goi mailako tresna da demokratizatzeko, informazioa eskuratzeko, lankidetzan aritzeko eta herritarrek parte hartzeko. Internet hain barneratuta dago geure bizitzan, ezen horren berri ez izatea edo hori ez erabiltzea gizarte-bazterketa sortzen duen faktoretzat jo baitaiteke oraingo gizartean. Arrisku horri kontra egiteko, herri-administrazioei gogorarazi behar diegu ahal duten guztia egin behar dutela, Internetera sartzeko aukera beste desberdintasun-osagai bat bihurtu ez dadin bizitza osoa garatzeko eta gizarte-baliabideak eskuratzeko orduan. Horretarako, erne egon behar dute eta neurriak hartu behar dituzte, arrisku horiek albait gutxien izan daitezen.

Krisi orokorra eta gizarte-ezinegona bizi ditugun inguru honek agerian jartzen du erronka berriak eta zaharrak daudela eta, horiek gainditzeko, jokaera berriak behar direla, herritarren partaidetzarekin. IKTek eta, batez ere Internetek, partaidetza hori erraztu eta bultzatu dezakete. Horregatik, eskubideen defentsa-erakundea garenez gero, gogoan izan behar dugu zein den euskal gizartearen e-inklusio maila, eta, beraz, nor geratzen ari den kanpoan.

Ararteko erakundeari gai horiek ardura zitzaizkionez gero, honako txosten berezi hau egin zuen: E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea. Bertan, egoeraren diagnostiko oso-osoa egin zen, baita zenbait gomendio ere euskal herri-administrazioei.

Azterlan hori berriki eguneratu denean, EUSTATek bere azken inkestan (informazio-gizarteari buruzko inkesta Euskadiko familiei. 2014) emandako datuak sartu dira. Datu horien arabera, Euskadin Internet erabiltzen dute 15 urtetik gorako 1.255.800 pertsona baino gehiagok, hau da, euskal herritar guztien %67,9k. Horrek argi erakusten du eten digitalak pixkanaka gutxituz doazela, batik bat generoarekin eta adinarekin lotutakoak.

Horrela, 55 urtetik aurrera ikusten hasten da alde handiagoa erabileraren ehunekoan, adinez gazteago direnen aldean. Herritarren adina zenbat eta handiagoa izan, are handiagoa eten digital hori. Gaur egun, 55 eta 64 urte bitarteko pertsonetatik %58k bakarrik erabiltzen dute Internet, eta 65 urte edo gehiagoko pertsonetatik %15,3k soilik.

Generoaren eta adinaren ikuspegitik, bilakaera positiboa izan du; aldiz, beste ikuspegi batzuetatik begiratuta, desberdintasun nabarmenak ikusten eta mantentzen dira Interneten erabileran, esate baterako, lanaren arabera (landunak/langabeak) eta familia-motaren arabera (seme-alabak dituen familia/seme-alabarik gabeko familiak/bakarrik bizi diren pertsonak).

Horrela, eten digitala nabari da nagusiki langabeen edo jarduerarik ez duten pertsonen artean. Talde horretan, %38,9k soilik adierazi dute Internet erabiltzen dutela. Zenbaki hori 10 puntu inguru hazi da 2012tik hona, baina oraindik ez da nahikoa, izan ere, gizarteko talde horri onura handiak ekar lekizkioke IKTen erabilerak.

Aipaturiko txosten berezian aztertu genuenez, bikote horren azpian (langabeak + eten digitala), beste errealitate eta faktore batzuk daude, eta faktore horiek (erosteko ahalmena, norberaren beste behar batzuk lehenestea edo, areago, Internet erabiltzearen eta enplegua bilatzearen arteko lotura ez ezagutzea, adibidez) IKTetarako sarbidea eragozten dute.

Bukatzeko, Ararteko erakundean uste dugu oraindik badagoela bidea egiteko benetako komunitate digitala eraikitzen, denok Interneten eta gizarte-webaren ahalmen bikaina berdintasunean erabili ahal izan dezagun. Puntu horrexetan jartzen gara berriz euskal herri-administrazioei begira, helburu hori lortzeko orduan eragin kaltegarria izan dezaketen eta eten digitala handitzen duten oztopoak edo faktore eragozleak ken ditzaten.


2015eko maiatzaren 17a