GAZTEEN LONJAK: UDAL JARDUERAK HORIEN ERABILERA ARAUTZEKO ETA GIZARTE-BITARTEKARITZA

EUDELek eta Arartekoak antolatutako jardunaldia

Arartekoko hainbat teknikari, baita ehunen bat euskal udalerritako ordezkari politiko eta tekniko ere, EUDELen egoitzan bildu dira gaur, Bilbon, gazteen lonjen erabilera arautzeko udal jarduerak aztertzeko lan-jardunaldian.

Topaketa horretan, EAEn burutu diren hainbat udal jarduerari buruzko erreferentziazko adibideak ezagutarazi zaizkie euskal udalei, gazteen lonjen erabilera arautu eta antolatzeko, horiek hiri-ingurunera egokitzeko eta erabiltzaile gazteen eta auzokideen elkarteen arteko bitartekaritza egiteko. Gasteiz, Portugalete, Abanto-Zierbena, Gernika-Lumo eta Elgoibarko udaletako ordezkariek mahai-inguru batean parte hartu dute, gainontzeko udalerriei horietako esperientzietako batzuk azaltzeko.

Orain azaleratzen ari den errealitatea da gazteen talde batzuek merkataritza-lonjak erabiltzea elkartzeko eta aisialdirako lokal bezala. EAEn egindako zenbait azterlanetan azaltzen denez, lokalen erabilera hori elkartzeko eta aisiarako lehentasunezko toki gisa sendotzen ari da euskal gazteen artean.

Fenomeno horrek eztabaidak sortu ditu gai honen gainean: nola bateratu daiteke, modu egokian, aisialdiko jarduera hori ingurumenaren kontrolarekin, segurtasunarekin eta lokaletako arriskuak prebenitzearekin, alde batetik, eta hiri-inguruko auzokideen komunitatearekin duten harremanarekin, bestetik.

Gai horiek denak zehazki aztertu ahal izateko, Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi zuen. Informazioa eskatu zuen gazteen aisialdiko jarduera hasi berri horren testuinguru sozial eta juridikoaz, baita arlo horretan udalek jarduteko dauzkaten aukerez ere, gai horretaz irizpide eta printzipio orokor batzuk ezartzeko.

Jardunaldi horretan lortutako ekarpenak Arartekoak prestatuko duen ondorio-txosten batean aztertuko dira.


Bilbao, 2013ko azaroaren 14a