"Gazteentzako etxebizitza politika publikoak EAEn" txosten bereziaren aurkezpena

ZERGATIK ETA ZERTARAKO TXOSTEN HAU
  • Gaur egun, etxebizitza bat eskuratzea da herritar askoren kezka nagusia, gazteena batez ere, gazteek osatzen baitute etxebizitzaren eskaera osoaren egiturazko zati funtsezko bat.

  • Etxebizitzen gehiegizko prezioak biziki eragiten die, dudarik gabe, oraindik lehen etxebizitza lortu ez dutenei; horietatik gehienak gazteak dira eta beren beharrezko emantzipazio-prozesua izugarri atzeratzen dela ikusten dute. Horregatik, gazteak dira egunetik egunera egiturazko dimentsioa hartzen ari den sistemaren akats horren biktima nagusia.

  • Txosten honetan, gazteek etxebizitza lortzeko duten arazoa jorratzen da eta, gure ustez, oraingo egoera hobetzen lagundu dezaketen hainbat gomendio egiten dira, izan ere, orain etxebizitza merkatu librean oso garesti dagoenez gero, biztanle ugarik lehen etxebizitza eskuratzeko zailtasun objektiboa dute.

  • Txostenean ez gara mugatu berariaz gazteentzako gomendioak egitera, bada, egiaztatu dugunez, gazteei eragiten dieten arazoek etxebizitza behar duten gainontzeko biztanleei ere eragiten diete. Horregatik, gure gomendioetako asko etxebizitza politika publikoak oro har hobetzera bideratu dira, ez berariaz gazteentzakoak direnak soilik.

TXOSTENAREN EGITURA ETA METODOA
  • Etxebizitzaren politika publikoak aztertzeko, gure eredua Europako beste eredu batzuekin erkatu dugu. Aztertu ditugun herrialdeetan, gizarte-etxebizitzaren sektorea deritzana funtsean administrazio publikoen edo irabazteko asmorik gabeko administrazio erdi-publikoen eskuetan dago, ez gure inguruan etxebizitza babestuekin gertatzen den bezala, hemen batik bat esku pribatuetan baitaude.

  • Baina gure analisian batik bat EAEko eta Estatuko egungo etxebizitza politikak aztertu ditugu, hala ikuspegi orokorretik nola ikuspegi espezifikoagotik, izan ere, berariaz aztertu ditugu etxebizitza arloan erakunde publikoek esku-hartzeko dituzten tresnak, zehazki, gazteriak etxebizitza lortzea erraztera bideratuta daudenak.

  • Oraindanik argitu beharra dago, garrantzitsua da-eta, azterketa horren ondorioz egin ditugun gomendioak euskal herri-administrazio askorentzat direla, ez bakarrik etxebizitza arloaren ardura bere gain dutenentzat. Politika anitzek eragin dezakete etxebizitza lortzeko egoeran, eta instantzia ezberdinek bideratzen dituzte politika horiek (hala gertatzen da lurraldearen antolamenduarekin, zerga-politikarekin, gizarteratzeko politikekin eta zeharkako beste politika batzuekin).

  • Haatik, beste gai batzuk baztertu gabe, babes publikoko erregimena duten etxebizitzak sustatzeko politikak nabarmendu ditugu batez ere, gaur egun horixe delako jarduera publikoak erabiltzen duen bide nagusia erantzun gabe dagoen etxebizitza-eskaera izugarri horri erantzuteko, eskatzaileentzat ezinezkoa baita merkatu libre deritzan horretan etxebizitza bat lortzea -etxeen prezio ikaragarriengatik-.

GOMENDIO NAGUSIAK

Burututako analisiaren ondorioz, 42 gomendio egin dizkiegu arlo honetan eskumenak dituzten euskal herri-administrazioei, etxebizitza arloko esku-hartze publikoan orain erabiltzen diren sistemak eta tresnak hobetzeko asmoz.

Honako hauek nabarmenduko ditugu:

  1. Lehenbiziko gomendio-multzoan, EAEn alokairuko etxebizitza babestuaren aldeko apustu tinkoa egin behar dela adierazten dugu, alokairuko etxebizitza babestuaren eskaintza dezente areagotuz eta kalitatea hobetuz. Horretarako, arlo horretan eskumenak dituzten botere publiko guztiei zera gomendatzen diegu, besteak beste:

    • batez ere alokairuko etxebizitza babesturako erabil ditzatela etxebizitza politiketarako eman zaizkien baliabide publikoak;

    • ahaleginak egin ditzatela alokairuaren eskaintza erakargarriagoa sortzeko (etxebizitza babestuen errentaren prezioei eta maizterrentzako egonkortasunari dagokienez);

    • alokairuko etxebizitzak sustatu eta kudeatzeko formulak bila daitezela, gastu publikoa ahalik eta gutxien haziz, alokairuko etxebizitzen parke publikoak modu eraginkorrean sortu ahal izateko;

    • gehitu daitezela alokairurako oro har ematen diren zuzeneko laguntzak edo zeharkakoak (zerga arlokoak);

    • tokiko erakundeek prozesu horretan parte har dezatela, alokairuko etxebizitza babestuari buruzko programa bereziak ezarriz;

    • emantzipatzeko bidean dauden gazteentzat, aldi baterako bizitokien figura berria sortzen lagun dezatela, zuzkidurazko ekipamendua duten lur-zatietan.

  2. Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu etxebizitza babestuaren tipologia guztietarako araudi komuna sustatzea, etxebizitza babestuari buruzko euskal lege bat atereaz. Lege horrek euskal lurralde osorako araudi komuna izan behar du.

  3. Bestalde, etxebizitza babestuak lortzeko prozedurei dagokienez, funtsezkoa da:

    • oraingo zozketaren ordez, baremazioa lehenetsiko duten sistemak ezartzen laguntzea, etxebizitza babestuak esleitzeko orduan etxe premiarik handiena duten pertsonak lehenesteko.

    • etxebizitza babestuen eskaintza behar bezain ugaria izatea, diseinuetan nahiz neurrietan, eta gaur egungo beharretara egokitzea (etxebizitza txikiagoak gizabanakoentzat, eta neurri ezberdinetako etxebizitzak bizikidetasun-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera).

  4. Etxebizitza babestuaren parkea kudeatzea dela-eta:

    • aintzat hartu behar da familia-unitateen egitura aldakorra, eta etxebizitzak mugitzeko eta aldatzeko sistema bat eskaini behar da, etxebizitzen adjudikazioa familietan sortuz doazen behar aldakorretara egokitu ahal izateko.

    • une oro bermatu behar da etxebizitza babestuen funtzio soziala. Horretarako, etxebizitza horien erabilera kontrolatzeko bideak jarri behar dira, ikuskatze-sistemen bitartez, hasieran etxebizitza esleitzea legitimatu zuten baldintza ekonomiko eta ondarezkoak bere horretan dirautela egiaztatzeko.

  5. Erakunde honen iritziz, etxebizitza politika propioak abiarazteko ahalmena duten hainbat herri-administrazio daudenez gero, ezinbestekoa da erakunde horien artean koordinazio eta lankidetza sistema sendoa ezartzea, etxebizitza politikak, oro har, euskal herritar guztien onurarako izan daitezen, etxebizitza babestua EAEko lurralde osoan modu homogeneoan sustatuko dela bermatuz. Horren haritik, EAEko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea dinamiza dadin proposatzen dugu -Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezarri zuen hori-, eta, horretarako, gure ustez topagune horren oinarrizko eginkizunak izan litezkeenak iradokitzen ditugu.

  6. Azkenik, gazteentzako etxebizitza ekimenak bultzatzeko berariazko gomendioak egiten ditugu, orain arte ia ez baitzegoen halakorik. Gure ustez, etxebizitza arloan gazteen behar berezi eta berezkoei erantzuteko sortutako hainbat neurri eta programa publiko erabili behar dira biztanleen sektore horretan, beren ezaugarri baldintzatzaileak kontuan hartuta (prestakuntzakoak, lanekoak, ekonomikoak eta norberarenak), izan ere, zertzelada horien ondorioz, sektore horrek dinamismo- eta aldaketa- premia handiagoa du, gainontzeko biztanleen aldean.
ONDORIO GISA
  • Egiaz, Konstituzioaren 47. artikuluak pertsona guztiek etxebizitza edukitzeko eskubidea dutela adierazten du, baina eskubide hori gaur egun ez da benetan gauzatzen. Alabaina, etxebizitzaren sustapen publikoa ez da, nahitaez, etxebizitza jabetzan edukiko dela ziurtatzera bideratu behar, hori ez baita berez eskubide bat. Etxebizitzaren premia duintasunez eta modu egokian ase daiteke etxea edukitzeko beste modalitate batzuen bidez, esate baterako alokairuaren bidez,