Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

2020ko abenduaren 10a

Abenduaren 10ean, urtero bezalaxe, Arartekoak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen du eta ospakizunarekin bat egitera eta Hitzarmenarekin duten konpromisoa berritzera gonbidatzen ditu herritarrak eta euskal administrazio publikoak.

1948ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Prestaketa-lanak zuzendu zituen emakumeak, Eleanor Roosevelt estatubatuarrak ahaleginak egin zituen arren, une hartan Aldarrikapenak ez zuen ahobatezko babesik izan. Hala ere, denboraren joanak arrazoia eman zion urte haietako emakumeek eta gizonek unibertsaltasunaren alde egin zuten apustuari.

Aldarrikapena giza eskubideen katalogo zabala da, bere baitan hartzen ditu eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, baita betebeharrak ere. Nahitaezkoa izan gabe onartu zen. Alabaina, Giza Eskubideen arloko erreferentziazko testua izanik erdigunean dagoenez gero, Nazio Batuen zenbait organo eta erakunderen lanean etengabe erabiltzen denez gero, ezinbestekoa bihurtu da nazioarteko sisteman. Gainera, Aldarrikapena Giza Eskubideei buruzko nazioarteko beste itun askoren abiapuntu izan da, esate baterako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena edo Eskubide Zibil eta Politikoen eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen gaineko nazioarteko itunak.

Aurten, COVID-19aren pandemiak berriro nabarmendu du Giza Eskubideen unibertsaltasuna. Pandemiak planeta osoari eragin dio eta gizon-emakume guztiok batera duguna gogorarazi digu, nondik gatozen alde batera utzita. Arazoak oso antzekoak izan dira edonon, eragin biziagoa izan dute emakume, desgaitu, haur, gutxiengo edo edadetuengan . Halaxe erakusten du Arartekoak pandemia dela eta hilabeteotan egin eta argitaratu dituen nazioarteko agirien bildumak. Horrelako egoerei aurre egiteko behar ditugun Giza Eskubideak, beraz, berberak dira gizon-emakume guztientzat.

Arartekoak oraintsu gogorarazi duenez, eskubideak garrantzitsuak dira, baina baita horiek baliatu ahal izatea ere. Eskubide sozialak baliatzeko bereziki, behar-beharrezkoak dira administrazio publiko eraginkorrak, herritarrengandik hurbil daudenak. Aldarrikapen Unibertsalean oinarrituta, euskal administrazioek eskubideak gauzatzea erraztu dezaten zainduko du aurrerantzean ere Arartekoak, eta, beti bezala, eskubideok ezagutzera eta eskatzera animatzen ditu herritarrak. Abenduaren 10ean, Nazio Batuek urtemuga hori ospatzeko prestatu duen online kanpaina bisitatzera gonbidatzen ditu denak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a