Giza eskubideetan hezteko material didaktikoen aurkezpena

AZAROAREN 20a: HAURREN EGUNA MUNDU OSOAN

Azken lau urteotan, Ararteko erakundeak urtero beka bat iragarri du, helburu zehatz batekin: giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzari buruzko materialak prestatu eta zabaltzea, eskolan erabiltzeko. Beka horietako hiruren emaitzak dira Mertxe Agúndez jarduneko Arartekoak aurkeztu dituen materialak -batzuk dagoeneko bidali ditugu gure autonomia erkidegoko ikastetxe guztietara, eta beste batzuk bidaltzear dauzkagu-.

Zertarako bultzatu dugu ekimen hori? Ararteko erakundea urteotan beti kezkatu eta arduratu izan duen gai bati erantzuteko. Hauxe da gaia: belaunaldi berriak demokraziaren bereizgarri diren baloreetan sozializatzeko, funtsezkoa da, besteak beste, giza eskubideetan heztea, bakerako eta tolerantziarako heztea. Eskola-sistema da, ez bakarra, baina bai balore horiek haur eta gazteei erakusten eta haiengan sendotzen lagun dezaketen eta lagundu behar duten tresnetako bat. Zenbait proposamen egin ditugu etorkizunean gure gizartean bakea izateko funtsezko gai horretaz, esaterako, ¿Bakearen aldeko hezkuntza¿, bere garaian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuari aurkeztu geniona.

Hiru dira, argitaratutako materialak:

    1. Ariketa praktikoen karpeta bat, DBH eta Batxilergoko hainbat arlotan eta zeharlerrotan erabiltzeko. Amnistía Internacional-ekin lotura duen pertsona talde batek egin du.

      Guztira 181 ariketa eskaintzen dira, gaztelaniaz eta euskaraz, eta irakasle bakoitzak bere alorrean eta testuinguruan ezar ditzake, horrela giza eskubideen ikuspegia eskola-curriculumean sartuz.

    2. Material didaktikoen karpeta bat, ¿Gure eskubideak¿ izenburukoa. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan erabiltzeko egina.
      Haurren berariazko eskubideak dituzte ardatz nagusi, eta hezkuntza alorreko profesional talde batek prestatu ditu. Materialak egitura bereko 30 unitatetan antolatu dira lan sistematikoa errazteko, ikasgelan zuzenean erabiltzeko diseinatu dira (ariketa laburrak, material osoak eta kopiagarriak...), familien parte-hartzea bultzatu nahi da.

    3. Eskubideak jokoan¿ deritzan material kutxa, bereziki DBHko ikastetxeetarako.
      Kutxa horretan, zenbait karta-joko agertzen dira, eskubide ezberdinei buruzkoak, hedagarriak, anitz jokotan aritzeko arauekin, gida didaktikoarekin¿: alegia, beharrezko elementuak eskaintzen dira 27 giza eskubiderekin lotutako edukiak eskolan lantzeko, jokoa eta gogoeta bateratuz eta era askotako talde-dinamikak erabiliz. Hegoa eta Oinarrian taldeetako zenbait partaidek egin dituzte.

Material horiek guztiak, esan bezala, argitaratu eta ikastetxeei banatu zaizkie, baliagarriak izan daitezen eta irakasleen lana erraz dezaten. Hain zuzen, eskolan lagungarri izateko sortuak dira, eta horrexetarako diseinatu dira modu berezian, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu, aurrez ikasgelako benetako egoeretan probatu, fotokopiak erraz egiteko moduan maketatu.

Orobat, xede berbera du beste material batek. Laugarren material hori, emakumeen eskubideei buruzkoa, multimedia erakoa da, eta Mugarik Gabe taldea ari da prestatzen, talde horri eman baitzitzaion iragarritako azken beka.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko azaroaren 20a