Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIV. Jardunaldiak

"Teknologia berriak (IKT) aplikatzearen ondorioz herritarrek dituzten eskubideak babestea". Gai nagusi hori jorratuko da Ararteko erakundeko ordezkari batzuk parte hartzen ari diren jardunaldien edizio berri honetan

Egunotan Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIV. Jardunaldiak egiten ari dira Sevillan. Esperientziak eta ideiak elkarri adierazteko foroa da, eta bertan eztabaidatu eta bateratzen dira erakunde hauen funtzionamenduarekin eta helburuekin lotutako hainbat alderdi, baita gizarteko gai eta arazo orokor batzuk ere, Estatuko defentsa-erakunde guztietan azaltzen direnak.

Aurten, jardunaldiok Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) balioa aztertzea dute helburu nagusi. Teknologia horiek duten hedadura-ahalmenaren eta eraginaren ondorioz, "Informazioaren eta Ezagupenaren Gizartea" terminoa sortu da, informazioa sortu, banatu eta erabiltzeak gure ekonomia- eta kultura-sistemetan duen garrantzia izendatzeko. Aldi berean, IKTak herritarren eskubideak gauzatzeko tresna bihurtu dira, eta gaur egun ezinbestekoak dira bizitza sozial eta ekonomikoan sartzeko. Horietara iristeko bidea eta erabilera mugatzeak larriki baldintzatzen du eskubideak benetan erabiltzea eta gizartean erabat parte hartzea.

Iñigo Lamarca da, Julia Hernández bere ondokoarekin batera, Ararteko erakundetik joan den ordezkaritzaren buru. Ordezkaritza hori honelako gaiei buruzko hainbat bilera eta mahai-ingurutan parte hartzen ari da: IKTetara iristeko bideari eta erabilerari buruz herritarrek dituzten eskubideak; teknologia berrien erabiltzaileak eta erronkak; edo herritarrak eta administrazio elektronikoa. Defentsa-erakundeetako buruak ez ezik, jardunaldi horietara joan dira Espainiako Herriaren Defendatzaileko eta ombudsman erakundea duten autonomia erkidegoetako defentsorietako zenbait ondoko eta aholkulari.

Jardunaldiak egiten ari ziren bitartean, Adingabeen eta Teknologia Berrien gainean Herritarrek dituzten Eskubideei buruzko Foroa ere egin da. Bertan zenbait umek hartu dute parte, horietako batzuek bideokonferentzia bidez, hainbat autonomia erkidegotatik.

Sevilla, 2009ko urriaren 20a