Herritarren eskubideen dekalogoa, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatean

Arartekoak urteak daramatza lanean informatzeko eta ezagutzeko teknologien arloan herritarren eskubideak aintzat har daitezen; eta, azken bolada honetan, are biziago jarduten ari da administrazio elektronikoarekin lotutako herritarren eskubideak babesten. Gure iritziz, eskubide horiek baliatzeak eta babesteak herritar inklusiboagoak eta berriztatzeko ahalmen handiagokoak sustatzen laguntzen du. Hori lehen mailako estrategia-elementua da, batez ere krisi ekonomikoa eta produkzio-ereduaren aldaketa gertatzen ari diren garai honetan.

Arartekoaren lan-arloen barruan, 2010ean "Informatzeko eta komunikatzeko teknologiak eta datuak babestea" deritzan arloa sortu zen. Bertan, gaiok ikuspegi ezberdinetatik begiratuta lantzen dira:

- IKTekin lotutako herritarren eskubideak babestea, administrazioen jarduerengatik herritarrek egin dituzten kexen bitartez
- eskubide horiek zabaltzea
- arlo horretako politika publikoak ebaluatzea
- defentsa-erakundearen barruko eta kanpoko lanean jarduera proaktiboak burutzea.

Gai horiek kontuan hartuta, ezinbestekoa iruditzen zaigu zenbait ekimen bultzatzea herritarrek administrazioarekin dituzten harremanetan IKTen erabilera bultzatzeko, baita herritarrek arlo horretan dituzten eskubideak hedatzeko ere. Horrexegatik prestatu dugu Herritarren eskubideen dekalogoa, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatean. Tresna horren bitartez, Arartekoak eskubide horiek ulertzen eta zabaltzen lagundu nahi du. Laburbilduz, hauexek dira:

· Kanal ugari: administrazioarekin harremanak izateko bidea aukeratzea eta herritarrak nahi duenean bide hori aldatu ahal izatea

· Elkarreragingarritasuna: administrazioak bere esku dituen datuak eta agiriak ez ematea

· Erabilgarritasuna: herritarren eta administrazioaren arteko berdintasuna

· Gardentasuna: prozeduren tramitazioa zer egoeratan dagoen ikustea

· Kopia: prozedurei buruzko agirien kopia elektronikoak lortzea

· Artxibatzea: espedienteko agiriak elektronikoki gordetzea

· Segurtasuna eta isilpekotasuna: elektronikoki identifikatzeko bitartekoak lortzea

· Bermea: datuen segurtasuna eta isilpekotasuna

· Kalitatea: kalitateko zerbitzu publiko elektronikoak.

· Neutraltasun teknologikoa: aplikazio edo sistema informatikoak aukeratzea administrazioekin harremanak izateko

Herritarren eskubideen dekalogoa, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatean izeneko agiria euskarri digitalean argitaratu da. Erabilgarri dago Arartekoaren web atarian (www.ararteko.net), hainbat formatutan prestatuta, eta edozein webetan txertatzeko kodea ematen dugu. Aldizkari digitalaren bitartez eta ia euskal herri-administrazio guztien bulegoetan dauden Arartekoaren informazio guneen bitartez zabalduko da. Gainera, posta elektronikoak bidaliko zaizkie gizarte-erakundeei eta herri-administrazioei, web orrialdean argitaratutako dekalogoaren edukirako lotura dutela.


Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 23a


Lotutako dokumentazioa

Herritarrek herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan egoteko dauzkaten eskubideen dekalogoa