KARTZELAREN ORDEZKO AUKERAK EUSKADIN: KOMUNITATEAREN ONURARAKO LANAK

Arartekoak sustaturiko eta Aiala Olartek eginiko ikerketa lana

Honako ikerketa lan hau komunitatearen onurarako lanei buruzkoa da, kartzelaren ordezko zigor gisa. Lehen zatian askatasuna mugatzen ez duen zigor horren konfigurazio legala aztertuko da, 1995eko Zigor Kodea aldatzen duen 15/2003 LOa indarrean jarri ondoren, eta arreta berezia emango zaie lege organiko horrek erantsitako aldarazpenei. Ondorenean, zigor hori Euskadin praktikoki aplikatzearen azterketa egingo da, Katalunian izandako aplikazio esperientziekin nahiz gure lurraldean adin txikikoek komunitatearen onurarako egiten duten zerbitzu-ematearekin alderatuz. Azkenik, hainbat ondorio eta jarduteko ildo orokorrak proposatuko dira zigor mota hori Euskadin modu egokiagoan aplikatzearen alde egiteko.

Komunitatearen onurarako lana askatasuna mugatzen ez duen zigorra da eta zigorra jaso duenak erabilera publiko edo soziala izan dezaketen jarduerak egitean datza. Jarduera horiek erakunde publikoetan edo irabazi asmorik ez duten erakunde pribatuetan gauzatzen dira eta, ahal den neurrian, gauzaturiko legez kontrako ekintzarekin izaten du zerikusia, eragindako kalteak konpontzea eta biktimei eman beharreko laguntza bereziki azpimarratuz. Eginiko legez kontrako ekintzaren eta garatu beharreko jardueren arteko loturak zigorraren errehabilitazio ahalmena handitzen du. Izan ere, irekitako esparru batean eta komunitatearen parte-hartze aktiboarekin betetzeaz gain, araua hautsi duen pertsonari bere jardueren eta horien ondorioen erantzukizuna bere gain hartzen laguntzen dio. Hala eta guztiz ere, zigor mota hau gizarte bazterkeriatik kanpo uzteko, ezinbestekoa da gauzatze plana zigortuaren egoera pertsonal eta soziala kontuan hartuta garatzea.

15/2003 LOan jasotako zigor honen konfigurazio berriak aplikatzeko aukerak zabaltzen ditu eta, formalki behinik behin, kartzelaren ordezkoa izatea ahalbidetzen du. Horrela, komunitatearen onurarako lana urte beteko presoaldia -bi urtekoa ere salbuespen kasuetan- izan dezaketen zigorren ordezko gisa jarri ahal izango da batetik, eta, bestetik, arau-hauste ohikoenei aurre egiteko sortu da, esate baterako, alkoholaren edo substantzia psikotropikoen efektupean gidatzea, edo etxearen esparruan emaniko tratu txarrengatiko zigorrak.

Dena dela, konfigurazioaren oinarrizko alde batzuen erregulazio okerrak, besteak beste, zigorrerako 180 eguneko gehieneko muga ezartzeak, eskumenak dituen administrazioak edo organo judizialak garatu beharreko kontrol lanen zuzenketa, jarduerak garatzeko esparruen zehaztasun legalik ez egoteak, organo judizialek zigor mota honetan izan dezaketen konfiantza galtzea dakar eta nabarmen zailtzen du komunitatearen onurarako lanak kartzelaren ordezko zigor bilakatzea.

Bestalde, zigor mota honen aplikazio praktikoaren azterketak erakusten du ez dela nahikoa aplikazio esparrua zabaltzea, legearen sustapenarekin batera politikaren benetako apustua antzeman behar baita, horixe ezartzeko beharrezkoak diren baliabideak emateko. Modu horretan, ez da benetan aplikatu ezin daitekeen xedapen legal soila izango. Izan ere, hori da neurri batean Euskadin gertatu dena, 1995eko Zigor Kodea indarrean jarri zenetik zigor mota horren aplikazioa urria izan baita. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko kasua salbuetsi behar da, han modu adierazgarrian ezarri baita zigor mota hau, exekuzio eskaerak bereziki handituz batez ere 15/2003 LOa indarrean jarri zenetik.

Hala eta guztiz ere, eskaeren handitze horrek eskumenak dituen organo administratiboak exekuzio egokia bermatzeko azpiegitura eta baliabideak ematea eskatzen du. Egun, zigor mota hori gauzatzearen eskumena espetxe administrazioari dagokio, zehazki espetxeko gizarte zerbitzuei, eta haiek ez dituzte nahikoa baliabide. Gainera, komunitatearen onurarako lanen zigorraren berezitasun propioek, esparru irekian eta komunitatearen parte-hartze aktiboarekin gauzatzea alegia, espetxe administraziotik bananduriko administrazio organoa eratzeko beharra agertzen dute, beste zigor aukerak gauzatzeaz arduratuko dena. Proposamen hau Katalunian zigorra aplikatzeak ekarri dituen esperientziek berresten dute, baita Euskadiko adin txikikoen zigor araudiak ezarritako komunitatearen onurarako lanen zigorrek ere. Bi kasuetan, eskumenak dituzten erkidegoko administrazioek esparru irekian gauzatu beharreko neurriei zuzenduriko zerbitzua antolatu dute eta horrek azpiegitura eta baliabide propioak garatzea ekarri du. Horri esker zigor mota hau modu positiboan ezarri ahal izan da, azterturiko datuek agertzen duten moduan.

Gainera, komenigarria izango litzateke zerbitzu hori euskal administrazioak zuzenean antolatu eta kudeatzea, eta horretarako ezinbestekoa da zigorren exekuzioaren eskumenen transferentziarantz abiatzea, Autonomia Estatutuaren 10.14 eta 12.1 artikuluak betez. Euskal administrazioak zigorren exekuzioaren erantzukizuna bere gain hartzearen prozesu horretan, bestelako zigor neurriak bi administrazioen arteko lankidetza akordioa sustatzeko egokienak izan litezke, eta aukera ona da Euskadin esparru horretan modu autonomoan lanean hasteko, beharrezkoak diren azpiegitura eta baliabideak antolatuz.

Azkenik, zigor hau gauzatzeko egin beharreko jarduera ezberdinak garatzen laguntzen duten erakundeen ezinbesteko papera azpimarratu behar da. Erakunde horien artean herri administrazioak, erakunde publikoak edo irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak aurki daitezke, eta azken horiek dira programa honetan neurri handiago batean parte hartu dutenak. Parte-hartze hori Bizkaian sumatu da batez ere, han elkarte laguntzaileen sare nahikoa zabala dagoelako eta horrek eragin zuzena izan duelako lurralde horretan zigor mota horren betetze mailan. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuei dagokienez, Euskadin elkarteak eratzeko joeraren zabaltze eta aniztasunak benetako aukerak eskaintzen ditu horien parte-hartze zabala lortzeko adierazitako programan, adin txikikoei komunitatearen onurarako ezarritako lanen betetzearekin gertatzen den modu berean. Hala eta guztiz ere, adierazi behar da eskumenak dituen administrazioak egiten duen lana ezinbestekoa dela bai zigor mota horren gauzatze programaren berri emateko bai istiluren bat gertatzen den kasuan erantzukizuna duten organoek beren funtzioak beteko dituztela bermatuko dien laguntza eta azpiegitura emateko.

Zalantzarik gabe, luzea da oraindik egin beharreko bidea beste zigor eredu bat ezarri arte; eredu horrek pertsona guztien eskubideak errespetatu behar ditu, bestelako zigor neurriak ezarri behar ditu eta kartzela egoera larrienetarako eta askatasuna mugatu gabe arazoa konpondu ezin den kasuetarako utziko du. Komunitatearen onurarako lanek paper oso garrantzitsua izan dezakete zigor eredu berri honetan, baina horretarako ezinbestekoa izango da horren ezarpenaren aldeko apustu argia egitea, gauzatze eraginkorra bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak emanez.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko uztailaren 19a