"LEGEZ KANPOKO EGOERAN DAUDEN ATZERRITARRAK BEREN ESKUBIDEEZ BALIATZEAN UDAL ERROLDAK DUEN ERAGINA"

Arartekoak bultzatu eta José Zarauzek egindako ikerlana

Ikerketa honen abiapuntua legez kanpoko egoeran dauden etorkinei zuzendutako arreta juridikoan antzeman den gizarte arazoa da. Askotan, talde horiez arduratzen diren erakundeek bizi diren udalerriko erroldan sartu ezin duten atzerritarrekin egiten dute topo; ezin erroldatzeak oztopo garrantzitsuak dakartza horien integrazio prozesurako.

Ikerlanaren lehen zatian, oro har udal erroldari buruzko informazioa biltzen da. Horretarako, lehenik eta behin, erroldaren figuraren inguruko analisi xehatua egin da: horren bilakaera historikoa, horri buruzko egungo araudia, hori kudeatzeaz arduratzen direnak eta bertan jasotako datuen erabilerak.

Bigarrenik, erroldaren figura ikuspegi horretatik aztertu ondoren, biztanleek udal erroldaren aurrean duten posizio juridikoa, bertan inskribatuta egoteko eskubidea, erroldan sartu ahal izateko derrigorrez datuak laga beharra eta erroldan inskribatuta egoteak dakartzan eskubideak eta betebeharrak aztertu dira.

Analisi horren emaitzak Estatuko alderdi askotan oso eragin nabarmena duen instituzio konplexu bat bailitzan aurkezten du udal errolda. Administrazioaren ikuspegitik, erroldak askotariko eginkizunak betetzen ditu. Udal errolda funtsezko pieza da estatistika ofizialak egiteko, udalerrietako biztanleen urteko kopuruak zehazteko eta biztanle errolda eta hautesle errolda eratzeko, Espainian bizi diren pertsonetako bakoitzaren helbidea ere adierazteaz gain.

Horrek guztiak egiten du erroldaren kudeaketan, udalez eurez gain, beste administrazio publiko batzuek ere parte hartzea; horien artean, aipatu beharrekoa da, duen garrantziagatik, Estatistikako Institutu Nazionala (EIN).

Biztanlearen ikuspegitik, udal errolda herri jakin bateko eta, beraz, dagozkion probintzia eta autonomia-erkidegoko administrazio auzotasuna eskuratzeko balio duen tresna da. Horrela, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak dioen bezala, politikoki euskalduntzat hartua izateko, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin, EAEko udalerrietakoren bateko erroldan inskribatuta egon behar da.

Bestalde, erroldako datuak ziurtatzea bitarteko pribilegiatua da biztanleentzat erroldatuta dauden herrian bizi direla eta bizilekua bertan dutela frogatzeko.

Erroldako alderdi bikoitz hau, biztanlearen eta Administrazioaren zerbitzura dagoen tresna gisa, ikerketaren ardatzetako bat da. Errolda biztanleen zerbitzura dagoen tresna gisa hartzen duen ikuspegia nagusitzen bada, biztanle guztiak bertan inskribatuta daudela bermatzeko ahaleginak egingo dira; aldiz, errolda Administrazioaren beste xede batzuen zerbitzura dagoen tresna gisa bultzatzen bada, datu eta kopuru jakin batzuk lortzeko erabiliko da.

Gaur egun, errolda bi joera horien artean dabil eta, hain zuzen ere, legez kanpoko egoeran dauden atzerritarren taldean antzeman daiteke balantza Administrazioaren alde okertzen dela.

Liburuaren bigarren zatiak ikerketaren mamian jartzen du arreta, alegia, nola eragiten duen udal erroldak legez kanpoko egoeran dauden atzerritarren integrazio prozesuan, eta bereziki EAEko eremu geografikoa aipatzen da.

Horretarako, lehenik eta behin, udal erroldaren eta atzerritarren integrazio prozesuaren arteko loturari buruzko analisia egiten da historiaren eta arauen ikuspegitik. Analisi horretatik ondoriozta daitekeen bezala, gaur egun udal erroldak eginkizun bikoitza du: batetik, legez kanpoko egoeran dauden atzerritarren integrazioa erraztea; eta, bestetik, legez kanpoko immigrazioa kontrolatzea. Horiei esker, Administrazioak erraz kontabilizatu eta identifikatu dezake talde hori.

Azterketa Euskal Autonomia Erkidegora ekarrita, legez kanpoko egoeran dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritarren integrazio prozesuarekin oso lotuta dauden eskubideez baliatzean erroldak duen eragina aztertu da. Horrek erakusten duenez, osasuna, gizarte babeseko sistemak eskuratzeko aukera (besteak beste, oinarrizko errenta eta gizarte behar larrietarako laguntzak), adingabeen hezkuntzarako eskubidea, etxebizitzaren arloko laguntzak eskuratzeko aukera edo pertsona horiei administrazio erregulartasuna lortzea ahalbidetzen dieten mekanismo jakinak eskuratzeko aukera, neurri handi batean, pertsona erroldatuta egoteak edo ez egoteak baldintzatzen ditu.

Bigarrenik, talde horri erroldan sartzea eragozten dioten egoera desberdinak bildu dira. Funtsean, erroldan sartzea eragozten duten arrazoiak bi multzotan bana daitezke: batetik, etxebizitzarik ez izatearen ondorioz non erroldatu ez izatea; eta, bestetik, dokumentaziorik ez izatea.

Horietatik lehenari dagokionez, hots, etxebizitzarik ez izatearen ondorioz non erroldatu ez izateari, bizilekuaren behin-behinekotasunak eragindako arazoekin hertsiki lotuta dago. Gainerako biztanleen artean ere egoera hau bizi duenik egon arren, oso modu berezian eragiten dio aztergai dugun taldeari. Horrela, idatzizko errentamendu edo kontraturik ez izatea, azpierrentan egotea, gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten lekuetan bizitzea edo etxebizitzarik ez izatea zailtasun garrantzitsuak dira pertsonak erroldan inskribatu ahal izateko.

Bigarren arrazoia, hots, dokumentaziorik ez izatea, talde honi bakarrik eragiten dion alderdia da. Kontuan izan behar da, identifikazioko dokumentazioa eskuratzeko, ez dela gauza bera herrialdekoa bertakoa den eta bertan bizi den pertsona izatea edo atzerritarra den baina, administrazio baimenaren pean, beste herrialde batean bizi den pertsona izatea, eta legez kanpoko egoeran dagoen pertsona izatea. Azken kasu honetan, jatorrizko herrialdeko kontsulatuek arduratu behar dute pertsona identifikatzeaz. Kasu batzuetan, izapide hori garatzeko, zenbait baldintza bete behar dira eta horrek atzeratu egin dezake edo, areago, ezinezko bihurtu, dokumentazio berria lortzea. Egoera hori larriagotu egin da Espainiako Atzerritarren Eskubideei eta Askatasunei buruzko Lege Organikoan egindako azken aldaketaren ildotik errolda erregulatzen duen araudian egin den erreformarekin. Horren arabera, atzerritarra legez kanpoko egoeran dagoenean, indarrean dagoen pasaportea aurkeztu behar da. Horrela, egoera honen pean dagoen taldea handitu egin da, egun, ez baitie soilik inolako dokumenturik ez duten pertsonei eragiten, baizik eta baita, pasaportea iraungita izanik, hori berritzeko zailtasunak dituen edozein atzerritarri.

Azkenik, proposamen praktiko desberdinak bildu nahi izan dira talde horren erroldatzea ahalbidetzeko; horietako batzuk jada abian dira EAEko herrietan. Hala, honakoak aurki daitezke: atzeraeragina duen erroldatzea, erroldan alta hartu zeneko eguna pertsona herrian bizitzen hasi zen egunera eramaten duena; itxurazko erroldatzea edo erroldatze soziala, etxebizitzarik ez duten pertsonak gizarte zerbitzuetan edo haiei laguntzeaz arduratzen diren erakundeetan erroldatzen dituena; pasaporteen batzordea, atzerritarrei indarreko pasaporte berria lortzen laguntzen diena; erroldatze kanpainak, bai etorkinak eurak bai horiek erroldatzeaz arduratu behar dutenak erroldak duen garrantziarekiko sentikor bihurtzeko; eta gizarteratze hitzarmenen sinadura, eskatzailearen eta udalaren arteko harremana hasteko bidea ematen duen auzotasuna eskuratzeko prozesuaren formula osagarri gisa.


Bilbao, 2007ko urriaren 8a


Lotutako dokumentazioa

Incidencia del padrón municipal en el ejercicio de los derechos de las personas extranjeras