Nazioarteko Kongresu Disziplinartekoa. Hiri Elkartasuna.

Janari eta etxebizitza duinerako eskubidea

Iñigo Lamarca arartekoak "Janari eta etxebizitza duinerako eskubidea" izeneko nazioarteko biltzarrean parte hartu du gaur, Bilbon.

Bi egunean barrena, zientzia-komunitateko hainbat hizlarik, kudeatzaile publiko batzuek eta zenbait gizarte-eragilek aztertuko dute zeintzuk diren gizarteak aurre egin beharreko erronkarik garrantzitsuenak gai hauen gainean: janariak eskuratzeko eskubidea gauzatzea, janari soberakinak kudeatzea, etxebizitza duina izateko eskubidea eta hiria bere onera ekartzea.

Biltzarra hasi ondoren, gaurko mintzaldien gai nagusia Europar Batasunaren erronkak eta paradoxak izango da, izan ere, Europar Batasunean tonaka janari galtzen dira alferrik, nahiz eta gero eta pertsona gehiagok ez duten janariak eskuratzeko bide egokirik.

Hainbat adituk hartuko dute parte: esaterako, Mickey Gjerrisek (Danimarkako Elikaduraren Ekonomiaren eta baliabideen Erakundekoa da bera) eta Hanah Lambie Mumfordek (Edinburgoko Unibertsitateko janari-bankuetan aditua).

Topaketa hori EHUk antolatu du, Sortarazi elkartearen (pertsonen garapenerako elkarte klaretarra) eta Durangoko Frijale elkartearen laguntzarekin. Bertan, arretaz aztertuko dira kontsumorako balio duten baina sukaldaritza kolektiboko zerbitzuek (jatetxeek edo eskolek) egunero botatzen dituzten janariak aprobetxatzeko aukerak.

Bihar, berriz, ostatu beharrak eta etxebizitza arloko politikak bateragarri egiteari helduko zaio jardunaldietan. Arreta berezia eskainiko zaie egoitza-baliabideak hobeto aprobetxatzearekin lotutako neurriei, izan ere, etxebizitza bat eskuratu eta izateko aukera ematea, batik bat talde ahulenei, erronka garrantzitsua da oraingo etxebizitza parkea kudeatzeko estrategien artean.

Bilbao, 2014ko maiatzaren 26a