Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarrez Kontzientziatzeko Munduko Eguna. Arartekoaren erakunde-adierazpena

2022ko ekainaren 15a

Adinak eta zahartzeak kalteberatasun handiagoa ekar dezakete, eta arreta berezia eta erantzun publiko egokiak merezi dituzte. Egia esan, gero eta arreta handiagoa eskaintzen zaio tratu txarrak prebenitu eta antzemateari, bereziki tratu txar psikologikoa bada, hori baita antzematen zailena. Hala ere, ildo horretan, erantzun publikoak areagotu behar dira osasunaren eta gizarte-zerbitzuen eremutik. Orobat, gizarteari ohartarazi behar zaio horrelako egoerak onartezinak direla, susmorik baldin badute, alarmak aktiba daitezen. Edadetuei tratu txarrak ematen zaizkiela ozta-ozta azaleratu bada ere, ezagutuz goazen datuek adierazten digute agian pertsona askori eragiten dietela eta haien eskubideak urratzen direla, batzuetan beraiek egoera horretaz jabetu ere egin gabe. 

NBEk aldarrikatu duen Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarrez Kontzientziatzeko Munduko Egun honetan, Arartekoak nabarmendu nahi du errealitate honek oraindik esku-hartze anitz behar dituela: gizartea sentikorrago bihurtu, profesionalak trebatu, pertsonak beraien eskubideez kontzientziatu, prebenitu eta, batez ere, sakon hausnartu gizartean nola antolatzen ditugun zainketak, hain zuzen, beroriek gehien behar dituzten pertsonenak.

Edadetuei emandako tratu txarrez hitz egitean, ezinbestean galdetu behar diogu geure buruari nola zaintzen ditugun adin handiko pertsonak. Bidezkoa da adinekoei itzultzea beraiek gizarteari eman ziotena. Horrela, zainketak agertu behar du giza balio nagusi bezala. 

Horrek guztiak gai honen inguruko gogoeta sakona egitera bultzatzen gaitu: pertsonek zahartzean zer gizarte-erantzun merezi duten, bereziki bakarrik geratzen diren emakumeek, eta zeintzuk diren politika publiko egokiak erronka ikaragarri horri aurre egiteko, “ez utzi inor atzean” leloarekin bat etorriz (hori da Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendako promesa nagusia eta eraldatzailea).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a